Errejonek ez du ahozko epaiketaren hasieraren jakinarazpena jasoko, Mouliaak salaketa erretiratu ote duen argitu arte
Elisa Mouliaak agerraldia egingo du gaur, asteartea, eguerdian, "akusazio partikularrak jarraituko duen ala ez iragartzeko". Alfredo Arrien abokatuarekin batera agertuko da kazetarien aurrean, atzo bertan "zer erabaki hartu aztertzen" ari zela jakinarazi ostean.
Iñigo Errejon diputatu ohia, epaitegietatik irteten. Artxiboko argazkia: Europa Press
Iñigo Errejon diputatu ohia ez da Madrilgo Plaza de Castillako epaitegietara joango astearte honetan, Elisa Mouliaa aktorearen aurkako ustezko sexu-eraso delituagatik ahozko epaiketa hasi izanaren jakinarazpena jasotzera. Salaketaren arabera, 2021eko urrian jazo omen zen sexu-eraso delitua.
"Jakinarazten dugu Iñigo ez dela joango, ekonomia prozesaleko eta segurtasun juridikoko arrazoiak direla eta", nabarmendu du Errejonen defentsak ohar batean.
Adolfo Carretero epaileak Errejon astearte honetarako deitu zuen, 09:30etik aurrera, akusatuen aulkian eser zedin, ebazpena jakinarazteko eta horren berri emateko.
Testuinguru horretan, Elisa Mouliaa aktoreak agerraldia egingo du gaur eguerdian, "akusazio partikularrak jarraituko duen ala ez iragartzeko". Alfredo Arrien abokatuarekin batera agertuko da kazetarien aurrean, atzo bertan "zer erabaki hartu aztertzen" ari zela jakinarazi ostean.
Mouliaak eskatu zuen Errejoni 3 urteko kartzela-zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordaina pagatu ziezaiola 2021eko urrian izandako ustezko abusuaren ordainetan.
Madrilgo Probintzia Auzitegia astelehenean bildu zen, Errejonen defentsak gertakari horiengatik hura auzipetzearen aurka aurkeztutako helegitea aztertzeko. Auzitegiak berak magistratuarengana jo zuen, aktoreak akusazioari uko egiten ziola jakinarazteko idazkia jaso ote zuen argitzeko, eta horren inguruan erabakirik hartu ote zuen jakinarazteko eskatu zion.
Horren aurretik, magistratuak adierazi zuen jaso egin zuela Mouliaaren idazkia, akusazioa erretiratzeko eskatuz, baina abokatuaren eta prokuradorearen sinadurarik ez zuela zehaztu zuen, "nahitaezkoa da". Nolanahi ere, prozedurako izapideekin jarraituko dute, ahozko epaiketa irekitzeko epaia eman baita.
Epailearen ustez, egin omen zen abusuaren zantzuak ageri dira, eta "ikertuaren bertsioak, aditu-frogek eta dokumentu-frogek ez dituzte erabat baztertu".