M8
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Feministek kaleak hartu dituzte "beste mundu bat" posible dela aldarrikatzeko

Manifestazio jendetsuak egin dituzte Euskal Herriko hiriburu eta herrietan. Mugimendu feministak "borroka eta antolakuntza" aldarrikatu ditu "eskuin-muturraren pilatze eta beldurraren ereduaren aurrean", eta abolizionisten "jarrera transfoboak" gaitzetsi ditu. 

VITORIA, 08/03/2026.- El movimiento feminista de Vitoria se manifiesta con motivo del Día de la Mujer con el lema 'Otro mundo desde el feminismo. Frente a los sistemas de dominación: lucha y organización'. EFE/L. Rico
18:00 - 20:00

Aldarrikapenek, salaketek eta, nola ez, ospakizunak... denek dute lekua M8an, eta horren lekuko bihurtu dira aurten ere Euskal Herriko kaleak. Elkarte feministek deituta, dozenaka manifestazio egin dituzte gure lurraldearen luze-zabalean. Martxoaren 8a aurten igandea egokitu denez, arratsaldean egin ohi diren mobilizazioak eguerdian egin dira hiriburu, hiri eta herrietan. Feministek, emakumeek zein gizonek, lepo bete dituzte bazter guztiak: pankartak, kartelak eta morea dira nonahi kale eta espaloietan, berdintasunak "merezi duen espazioa" hartu behar duela sinistuta. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, 'Beste mundu bat feminismotik' lelopean, 12:00etan abiatu dira hiriburuetako manifestazio gehienak (Baionan goizago egin dute, 11:00etan, eta Gasteizen, aldiz, 12:30ean), eta ordu berean abiatu dira hiri eta herrietan antolatutako martxak ere. Bilbon Jesusen Bihotza plazan egin dute hitzordua; Donostian, Antiguako tunelean, eta Iruñean, Antoniutti parkean.

Bilbon, manifestazioa hasi baino lehen, adierazpenak egin dituzte Irati Sierra eta Marta Perez Bilbo Feminista Saretzen kolektiboaren bozeramaileek. "Dena irensteko mehatxua egiten duten eskuin-muturra, faxismoa eta inperialismoaren gorakada" salatu dituzte, eta horien aurrean "kaleak okupatzeko" eta "borrokarako eta antolakuntzarako" deia egin diete feministei. 

"Zapalkuntza logikak" bizirik dirauela kritikatu dute, eta inperialismoak "gerra, zor eta espoliazio kolpez kolonialismoaren oinordeko den mundu ordena" inposatzen duela. Are gehiago, salatu dute azkenaldian borroka feminista bera instrumentalizatzen dutela "esku-hartze militarrak eta gerrak legitimatzeko". 

Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin dute, eta abolizionistek sustatu duten zatiketaren aurrean, inor baztertuko ez duen feminismo bat aldarrikatu, eta sexu-langileak aitortzea eta transak mugimenduan sartzea defendatu dute: "Mugimendu feminista anitza da, feminismoa ulertzeko eta lantzeko modu asko daude. Beste mundu bat eraiki nahi dugu feminismotik, eta, hortaz, pertsona guztiak dira ongietorriak; ez, ordea, jarrera guztiak. Ez ditugu jarrera transfoboak eta arrazistak onartuko, eta horregatik baztertua sentitzen denak azaldu beharko du zergatik". 

Ordezkari politiko, sindikal eta instituzional ugari izan dira Bilbon egindako manifestazioan. Besteak beste, Iñigo Ansola EAJren BBBko presidentea, Eneko Andueza PSE-EEko burua, Alba Garcia Sumarreko koordinatzaile nagusia edo Richar Vaquero Euskadiko Podemosen buruzagia egon dira bertan. Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia ere Bilboko mobilizazioan egon da. 

Donostiakoan, bestalde, Miren Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkide eta Programa zuzendaria izan da.

Bilboko manifestazioa. Mugimendu Feministaren manifestazioa Bilbon. Europa Press

Antzeko mezuak entzun dira Iruñean egin duten martxan ere. Amaia Zubieta Iruñerriko Mugimendu Feministako kidearen esanetan, "gerraren eta indarkeriaren testuinguruan, feminismoak posible egiten du mundu hobe eta ezberdin bat eraikitzea". 

"Aliantzak josteko, antolatzeko eta borrokatzeko" deia egin du Zubietak, eta horretarako, talde antiarrazistekin, Palestinaren aldeko mugimenduarekin eta euren askatasunaren alde borrokatzen diren herri guztiekin bat egitea aldarrikatu du: "Asko lortu dugu elkarrekin, baina bide luzea dugu oraindik egiteko".

Iruñeko manifestazioa. Euriak ez ditu feministak kikildu Iruñean. Argazkia: Europa Press

Kolore gorria nagusi, Itaiaren manifestazioetan

'Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki' lelopean mobilizatu da Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista Euskal Herriko 6 hiriburutan eta 21 herritan manifestazioak deituta.

Gaurko mobilizazioetan salatu dutenez, "alderdi eta agitadore faxisten eskutik, ideia eta jarrera matxistak normalizatzen ari dira gizartean". Horien aurrean alferrikakoak dira ezker instituzionalaren eta alderdi sozialdemokraten jarduna, horien ustez, eta defendatu dute "beharrezkoa" eta "urgentziazkoa" dela "emakume langileon zapalkuntza amaitzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea". 

18:00 - 20:00

Horrez gain, aurten lehen aldiz, talde abolizionistak mugimendu feministaren deialditik bereizi dira. Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak (EHFAK) Hego Euskal Herriko 4 hiriburutan eta Durangon egin ditu martxak; Coordinadora 8M Euskal Herriko Mugimendu Feminista taldeak, bestalde, 12:30erako egin ditu hitzorduak Bilbon eta Iruñean.

Bilbon, 100 bat lagunek hartu dute parte abolizionisten manifestazioan. Begoña Ferro Lanbroa talde feministako kide eta mugimenduaren bozeramaileak bertan nabarmendu duenez, "pornografia, prostituzioa, gestazio subrogatua eta genero abolizioaren kontra borrokatzen ez duen gizarte bat ez da inoiz gizarte berdinzalea izango".

Horren hitzetan, "zaila" zen eurentzat oinarrizkoak diren aldarrikapenok Mugimendu Feministaren mobilizazio ofizialean mahaigaineratzea, eta, hala, deialdi bereizi batean aldarrikatzeko "beharra" sentitu dutela. 

Honako taldeek babestu dute Bilboko manifestazioa: Abolicionistas Callejeras, Mujeres Libres, Supervivientes en Accion, Astrabuduako Talde Feminista, Bizkaiko Emakume Feminista Erradikalak eta Lanbroa.

18:00 - 20:00

Aipatzekoa da kontramanifestazio bat izan dela abolizionisten martxaren aurka. 20 bat manifestarik "Sexu-lana lana da", "Transmisoginia da zure matxismoa" edota "Hormonak denontzat edo inorentzat ez" idatzita zituzten kartelak erakutsi, eta abolizionismoaren kontrako oihuak egin dituzte.

18:00 - 20:00
Bilboko lehen martxa abolizionista. Bilbon, Zabalburutik abiatu dute manifestazioa. Argazkia: EITB

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X