Epaileak errugabe jo ditu Zestoako gizon baten integritate moralaren kontrako delituengatik epaitutako sei pertsonak
Abenduan egin zen epaiketa. Gizon batek osotasun moralaren aurkako delitua leporatu zien bikotekide ohiari eta bost herritarri, eta espetxe zigorra eta isunak eskatu zituen. Akusatuetako lau emakumearen lagunak dira, eta bosgarrena, egun Zestoako alkate den Mikel Arregi. Epaileak absolbitu egin ditu guztiak.
Epaitegi atarian, akusatuei babesa adierazten. Argazkia: EFE.
Zestoako gizon baten integritate moralaren kontrako delituak egin zituztelakoan abenduan Donostiako Auzitegian epaitutako Zestoako sei bizilagunak errugabe jo ditu epaileak, eta absolbitu egin ditu guztiak. Epailearen hitzetan, ezin da frogatutzat eman akusatuek salatzailea hertsatu zutenik deskribatu diren eta frogatutzat jo diren egitateekin, ezta euren ekintzekin salatzailearen osotasun moralari kalte egin ziotenik ere, gizonak salatu bezala. Emakumeari laguntza eta babesa ematea zuten xede lagunek, eta epaileak ez du kontrakorik ikusi.
Auzia 2018an sortu zen, gizonezko batek bere bikotekide ohiaren eta neskaren lau lagun min eta egun alkate den Mikel Arregiren aurka egin zuen, osotasun moralaren aurkako delitua leporatuta. Bikotekide ohiarekin semearen zaintza dela-eta biek zuten auzian, gizonak bost akusatuei leporatu zien 2016 eta 2018 bitartean desprestigio kanpaina bat burutu izana herrian.
Salatzaileak azaldu zuenez, akusatuek jazarri eta presionatu egin zuten, semearen zaintza partekatuari uko egin ziezaion, eta horren kontrako kontzentrazioak eta bestelako ekintzak egin zituzten, emakumeari tratu txarrak ematen zizkiola esanez.
Epaiketan, ordea, balizko kanpaina horren inguruko zalantzak azalarazi zituen defentsak, eta bikotekide ohiak, fiskalak galdetuta, urte askotako tratu txarren salaketa gordina egin zuen.
Emakumeak epaiketan adierazi zuenez, ez zen inoiz ausartu tratu txar horiek salatzera, semeari gerta zekiokeenaren beldurrez. Akusatuetako batzuk, gizonaren bikotekide ohiaren lagunak, lagundu egiten zioten emakumeari haurra aitarekin utzi edo harekin egotetik jasotzera, eta ukatu egin zuten gizona presionatu edo jazarri izana.
Emakumeak deklaratu ostean, fiskalak kargu nagusiak erretiratzea erabaki zuen, isun ekonomikoari eutsirik, hasieran 30.000 euro eskatu arren 15.000 eurora jaitsita.
Akusazioak eutsi egin zien 4 eta 5 urteko zigor eskaerei eta 30.000 euroko kalte ordainaren eskaerari.
Epaiketa amaitu eta bost hilabetera, epaileak defentsari eman dio arrazoia, eta Zestoako sei herritarrak errugabe jo ditu leporatutako delitu guztietatik. Gainera, ez dute fiskalak eskatutako isun ekonomikorik ordaindu beharko. Dena den, salatzaileak epaiaren kontrako helegitea jartzeko aukera du oraindik.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera