Gizon bat larri zauritu dute Irunen arma zuriz eraso eginda
Ustezko inplikatuetako bat, 22 urtekoa, atxilotu dute, eta 21 urteko beste bat ikertzen ari dira, ustez gertakarietan parte hartzeagatik. Ikerketa zabalik dago oraindik, gertatutakoa argitzeko.
Ertzaintzaren patruila bat. Artxiboko argazkia: Ertzaintza
40 urteko gizon bat larri zauritu dute Irungo Behobia auzoko establezimendu batean arma zuriz eraso eginda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Erasoa larunbat goizean jazo zen, establezimenduaren barruan, lokaleko arduradunari hainbat pertsona hurbildu ostean. Horietako batek hainbat labankada eman zizkion sabelean eta besoan.
Biktima ospitalera eraman zuten, eta premiazko ebakuntza egin behar izan zioten, lesio larriak baitzituen.
Ikerketaren arabera, hainbat pertsonak parte hartu zuten erasoan. Ustezko erasotzaileek tokitik ihes egin zuten, bi ibilgailutan.
Ustezko inplikatuetako bat, 22 urtekoa, atxilotu dute, eta 21 urteko beste bat ikertzen ari dira, ustez gertakarietan parte hartzeagatik.
Ikerketa zabalik dago oraindik gertatutakoa argitzeko.