BILBO
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EHUk graduazio ekitaldi handia egingo du gaur San Mamesen

Lehen aldiz, Euskal Herriko unibertsitate publikoan ikasketak amaitzen dituzten gradu eta graduondoko azken urteko 4.000 ikasle baino gehiago bilduko dira ekitaldi bakarrean. Jaia 18:30ean hasiko da, eta, besteak beste, Nogen eta Janus Lester taldeak eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak arituko dira bertan.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Dena prest dute San Mamesen gaur EHUk lehen aldiz egingo duen gradu eta graduondo amaierako ekitaldi bateraturako. Aurten EHUn ikasketak amaitzen dituzten 4.000 ikasle inguru elkartuko dira, eta, besteak beste, Nøgen eta Janus Lester musika taldeak eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak arituko dira oholtza gainean.

Ikasketak amaitzera doazen eta izena eman duten ikasleak 16:00etarako deitu dituzte San Mames inguruan jarriko diren hiru photocall guneetan, egun handia betikotzeko aukera izan dezaten euren senide, lagun eta ikaskideekin.

EHUren gradu eta graduondo amaierako ekitaldi bateratua zuzenean jarraitu ahal izango da Orain-en eta ETB ON plataforman, 18:30etik aurrera.

Sarrerak salgai daude oraindik, EHUren webgunean, 19,95 euroan.

Birretak barik, txapelak banatuko dituzte

San Mamesko katedralak aulki bana izango du izena emandako ikasleentzat, fakultate eta jakintza arloen arabera antolatuta. Protokoloari hasiera emateko, ikasleek desfile ikusgarria egingo dute, bakoitzak bere diziplinari dagokion koloreko banda soinean duela. Aurten berrikuntza nagusi gisa, EHUk txapela emango die graduatuei, birretak eman beharrean.

Parean agintarientzat gordetako agertokia egongo da, eta doktoreek lehen lerroak hartuko dituzte, aurrekaririk gabeko ekitaldi bati hasiera emateko.

Ekitaldia hiru pantaila erraldoiren bidez jarraitu ahal izango da.

Musika zuzenean eta bertsoak

Oholtza gainean, Nøgen eta Janus Lester taldeak arituko dira. Nøgen taldeko abeslaria, Ane Negueruela, medikuntza arloan ari da lanean, EHUn graduatu ondoren; Janus Lester, berriz, Jokin Pinacho Kimikan doktoreak gidatzen du. Bertsoak ere bere tartea izango du gaurko ekitaldian, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolarien eskutik; Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak dira biak, baita Arte Ederretako eta Kazetaritzako ikasle ohiak ere.

Bestalde, zientziak ere bere lekua izango du Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak emango duen "Iraganaren etorkizuna" hitzaldiarekin. 

Palestinarekiko elkartasuna

EHUk ikasturte hasieran abiatutako giza konpromiso irmoari eutsiko dio, palestinar herriari babesa agertuz, eta Sol Band Gaza taldeko abeslariak emanaldi hunkigarria egingo du. 

Ikasle ohiei omenaldia

EHUko Zuzendaritzak 2026ko EHUalumni sariak banatuko ditu, erakundearen balioak zintzotasunez islatzen dituzten profesionalak omentzeko. Hauek sarituko dituzte aurten: Sofia Arribas arkitektoa, Itxaso Ariza ingeniaria, Iñigo Lamarka abokatua, Teresa Madariaga ekonomialaria, Iraia Iturregi futbolari ohia eta Carmen Mijangos Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile aitzindaria.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X