Honelakoa da USaPeko azterketak berrikusteko prozesua
Gauerdian amaitu da unibertsitatera sartzeko proba berrikustea eskatzeko epea, eta behin betiko kalifikazioak ekainaren 22an argitaratuko dira.
Unibertsitatera Sartzeko Probak (USaP), EHUn. Argazkia: EFE
Gauerdian amaitu da Unibertsitatera sartzeko azterketen (USaP) berrikuspena eskatzeko epea, eta gaurtik aurrera hasiko dira zeregin horretan. Zuzentzailea ez da lehen zuzenketa egin zuen irakaslea izango, eta behin betiko emaitzak datorren ekainaren 22an jakinaraziko dira.
Aurten, jakinmin handia da eta ikusteko dago zer gertatuko den euskarako azterketan zero kalifikazioa atera duten ikasleekin.
Nola berrikusten dira azterketak?
EHUk ohar baten bidez azaldu duenez, lehenbizikoak ez beste zuzentzaile batek berrikusten ditu azterketak. Lehenik eta behin, egiaztatu egingo du ez dela akatsik egon puntuen zenbaketan eta ez dela ariketarik zuzendu gabe geratu. Ondoren, azterketa osoaren bigarren ebaluazio bat egingo du. Lehen zuzenketaren eta bigarrengoaren artean bi puntuko aldea badago, hirugarren batek berrikusiko du.
Ortografiako akatsak ere kontuan hartzen direla gogorarazi du EHUk. Gaztelania eta Literaturako eta Euskara eta Literaturako azterketetan, gehienez 2 puntuko penalizazioa (10etik) izan dezakete ikasleek.
Hezkuntza sailburuak gardentasuna eta zuhurtzia eskatu ditu
Atzo, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak adierazi zuen ikasleen eta familien kezka ulertzen duela, eta gertatutakoa argitzeko "gardentasuna" eskatu zion EHUri.
Edozein kasutan, zuhur aritzea eta berrikuspen prozesua amaitu arte itxarotea eskatu zuen.
Protesta euskara azterketako zeroengatik
Atzo ikasle talde batek elkarretaratzea egin zuen Bilboko Ingenieritza Fakultatearen atarian, euskara proban zero kalifikazioa atera dutela salatzeko.