Baso-suteei aurre egiteko larrialdi-faseko 1. egoera ezarri du Segurtasun Sailak
Eusko Jaurlaritzak arreta handiz jokatzeko eta suteak eragin ditzakeen edozein jarduera saihesteko eskatu die herritarrei, batez ere landa-eremuetan, basoetan eta landaredi lehorretik gertu.
Baso-sute bat, Zeberion; artxiboko irudia.
EAEn bizi den muturreko beroak baso-suteak izateko arrisku handia ekarri du eta, horri erantzuteko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Baso Suteetarako Larrialdi Planaren larrialdi-faseko 1. egoera ezarri du. 0tik 3ra arteko egoerak daude, arriskuaren arabera.
Hala, foru-agintaritzei dagokie plana martxan jartzea, eta haien jarduna baso-suteetarako foru-planen bidez koordinatuta egongo da.
Erabakiak aukera ematen du Larrialdiei Aurre egiteko Euskal Sisteman integratutako baliabideen jarraipena, koordinazioa eta erantzuna indartzeko, erakunde eta zerbitzu eskudunekin koordinatuta.
Eusko Jaurlaritzak arreta handiz jokatzeko eta suteak eragin ditzakeen edozein jarduera saihesteko eskatu die herritarrei, batez ere landa-eremuetan, basoetan eta landaredi lehorretik gertu.
Era berean, eta San Joan gaua dela eta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak erakunde eskudunei gomendatu die udalerri bakoitzeko egoera azter dezatela eta, hala badagokio, baso inguruko eremuetan suak piztea saihestu dezatela.