Nola gertatu zen Navarreriako ezbeharra? Hona Iruñeko istripuaz dakiguna
Beira biltzeko kamioi bat aldapan behera abiatu zen gidaria eta beste bi langileak bertatik jaitsi zirenean.
Istripua gertatu zen inguruaren 3D irudia.
Igande arratsalde bizi eta alaia tragedia bihurtu zen Iruñeko Alde Zaharreko Navarreria inguruan. Beira biltzeko kamioi batek maldan behera egin zuen kontrolik gabe, eta emakume gazte bat hil zen, harrapatuta. Beste lau emakume zauritu ziren; horietatik bi larri daude.
Jendez gainezka zegoen plaza
Gertatutakoa ulertzeko, istripua izan zen testuingurua kontuan hartu behar da. Navarreria Iruñeko aisialdi gune jendetsuenetako bat da, ostalaritza establezimendu ugari dituelako eta oinezkoentzako eremu atsegina delako.
Igandea ez zen salbuespena izan. LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunaren ospakizunak eta Alde Zaharrean antolatutako beste hainbat ekitaldik ehunka lagun bildu zituzten Navarreria plazan eta izen bereko kalean, Katedral plazaraino igotzen den aldapan.
Une erabakigarria
15:30 aldera, Emausko Trapuketariek kudeatzen duten beira biltzeko kamioia Amatxo tabernaren parean gelditu zuten, Katedral plazan, Navarreria kalearen amaieran. Urteak lanean daramatzan gidaria bi langilerekin zihoan.
Hiru langileak ibilgailutik jaitsi ziren, eta segidan kamioia abiatu zen aldapan behera, gidaririk gabe. Iruñeko Udaltzaingoa ikertzen ari da ea gidariak eskuko balazta ez ote zuen jarri, edo balazta sistemak huts egin ote zuen ibilgailuko hiru langileak jaitsi zirenean.
Gidaria kamioan sartu zen, martxan zegoela
Lehen metroetan kamioiak ez zuen abiadura handirik hartu. Navarreria kaleko 33. zenbakitik aurrera, ordea, malda handiagoa denez, gero eta azkarrago joan zen. Gidariak martxan zegoen kamioiaren kabinan sartzea lortu zuen, baina ezin izan zuen garaiz geldiarazi, biktimak harrapatzea saihesteko.
Kamioiak 50 metro inguru egin zituen kontrolik gabe, eta Navarreria inguruan izua zabaldu zen. Bidean hainbat hesi eta hodi eraman zituen aurretik, eta Los Burgos de Iruña tabernatik metro gutxira emakume talde bat harrapatu zuen.
Ibilgailua Navarreria kalearen 16. zenbakiaren parean gelditu zen, ostalaritza establezimendu horretara iritsi baino metro batzuk lehenago. Biktimetako batzuk kamioiak azpian harrapatu zituen, eta larrialdi zerbitzuek atera zituzten.
Hildako bat eta lau zauritu
Istripuaren ondorioz emakume bat hil zen. Beste lau emakumeek, 38, 30, 26 eta 29 urtekoak, hainbat zauri izan zituzten.
Azken parte medikoaren arabera, 38 urteko emakumeak politraumatismoa du eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zainketa Intentsiboen Unitatean dago, egonkor baina pronostiko larriarekin.
30 urteko emakumeak ere politraumatismoa izan zuen. Hura ere ZIUn dago, egonkor baina larri. 26 urteko emakumeak gorputz-adarretan traumatismoak izan zituen. Alta jaso du dagoeneko eta etxean dago. 29 urteko emakumeak, berriz, kolpe ugari jasan zituen. Atzo jaso zuen ospitaleko alta.