Harrera Sareak Donostiako Udalaren "jarrera erabat diskriminatzailea eta arrazista" salatu du
Elkarteak adierazi du ezin dela "elkartasuna zelatatzea, jazartzea eta zehapenekin mehatxatzea normalizatu", "laguntzea ez baita delitua".
Harrera Sarearen prentsaurrekoa, astelehen honetan. Argazkia: Europa Press
Donostiako Hiritarron Harrera Sareak, astelehen honetan, Donostiako Udalaren "jarrera erabat diskriminatzaile eta arrazista" salatu du. Izan ere, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) elkartearen afari solidarioen banaketa debekatu ostean, "kalean bizi direnen aurkako hainbat kaleratze eta garbiketa-ekintza" egiten ari dela adierazi du.
Harrera Sarearen bozeramaileek salatu dutenez, "udako hilabeteetan areagotu egin dira Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarduera horiek". Besteak beste, "pertsona horiek lo egiteko baliatzen dituzten lekuak husteko mehatxuak, haien gauzak apurtzea eta suntsitzea, kanpin-dendak urratzea eta haien objektu pertsonalak kentzea eta botatzea", aipatu dituzte.
Gainera, kritikatu dute Donostiako alkate Jon Insausti "bere burua zuritzen saiatzen ari dela, egoerari aurre egiteko baliabide guztiz eskasak eskaintzen dituelako". Halaber, deitoratu dute pertsona batek, baliabide egonkor edo babes eraginkorren bat jasotzeko izapideak amaitu arte, urtebete eta bi urte bitartean eman ditzakeela kalean bizitzen.
Era berean, azaldu dute "udal-aterpeak bost gau baino ez" dituela eskaintzen "hiru hilean behin"; ez dagoela "gizarte-jantokirik, dutxetara eta garbigailuetara behar adina sarbiderik", eta ez zaiela "arroparik ematen kalean lo egiten dutenei, ezta manta bat ere".
Elkartasuna kriminalizatzea
Harrera Sareko kideak "erabat harrituta" agertu dira "hirian elkartasunaren kriminalizazioa hartzen ari den muturreko mailarekin". Salatu dutenez, "jazartzen, identifikatzen eta mehatxatzen dituzte beren orgatxoekin arratsaldean ogitartekoak banatzera ateratzen diren pertsonak, eta, are, jazarpena elkarteen jardueretara ere iristen ari da".
Ildo horretan, ohartarazi dute azken egunotan "egoera oso larriak" izan direla; besteak beste, etxerik gabeko gazteekin askaria partekatzeagatik edo gaztelania eta euskara eskolak emateagatik boluntarioak identifikatu eta zigortzeko mehatxua egin izana.
"Etengabe eskatzen zaie migratzaileei integratzeko, hemengo hizkuntzak ikasteko, eskoletara joateko eta prestakuntza-ikastaroak egiteko", baina "ahalegin hori egiten dutenean eta bi hizkuntzak ikasi nahi dituztenean, boluntarioek antolatutako espazioetan —ikastaro ofizialetan behar adina plaza ez dagoelako—, jazarpen-, traba- eta oztopo-egoerekin egiten dute topo".
"Jarrera erabat diskriminatzaile eta arrazista" dela azpimarratu ostean, "larria eta tristea" dela esan dute, "XXI. mende betean, egoera horretan daudenei laguntzeagatik eta babesa emateagatik horrelako egoerak bizitzea".
"Ezin dugu normalizatu elkartasuna zelatatu, jazarri eta zehapenekin mehatxatzea, etxegabeen alde denean, migratzaileak izan zein ez. Laguntzea ez da delitua", ondorioztatu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera