Maricarmen hil da, etxebizitzaren aldeko protestak piztu zituen Madrilgo 87 urteko emakumea
Maricarmen Abascal Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean hil da. Han zegoen ingresatuta etxegabetu zutenetik.
Maricamen Abascal, Madrilgo Retiro herriko etxetik kaleratu ondoren etxebizitzaren aldeko borrokaren sinbolo bihurtu den emakumea, asteazken honetan hil da, Madrilgo maizterren sindikatuak baieztatu duenez.
Emakumea Madrilgo Gregorio Marañon erietxean ingresatuta zegoen irailaren 23tik. Egun hartan, orga batean atera zuten 70 urtez bizi izan zen etxetik etxegabetze agindua beteta, nahiz eta kanpoan hainbat aktibista zeuden protestan, eta, osasunez pattal zegoenez, erietxera eraman zuten.
Bere etxegabetzeak eman zion hasiera etxebizitza eskubidearen aldeko protestei. Orduan hasi zuten Madrilgo Puerta de Soleko kanpaldia eta Espainiako Gobernuak bi lege-dekretu eraman zituen Kongresura. Dekretuak baliogabetu egin zituen ganberak, baina Ministroen Kontseiluak berriz onartu ditu.
Erietxean ingresatuta zegoela, animoak eman zizkien kanpaldian zeudenei eta haien eskubideen alde borrokan jarraitzeko eskatu zien.
Madrilgo Maizterren Sindikatuak argitaratu duen oharrean adierazi du: "Maricarmenen borrokaren ereduarekin eta utzitako ondarearekin gelditzen gara. Eta, batez ere, berak beti eskatzen ziguna beteko dugu: "borrokatu, jarraitu borrokan zuena denaren alde".
Etxebizitza
Maricarmenek kanpaldian daudenak animatu ditu ospitaletik: "Borrokatu, defenda ezazue zuena dena"
Madrilen etxegabetu zuten 87 urteko emakumeak protestan ari direnei mezua bidali die, Gregorio Marañon erietxetik. "Bertan zuekin egotea gustatuko litzaidake", esan die.