IKERKETA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nafarroan egindako saiakuntza kliniko batek emaitza onak lortu ditu kolon eta ondesteko minbiziari aurre egiteko

Espainiako Estatuan intzidentzia gehien duen minbizia mota da. Metastasia zuten pazienteei farmako immunojokatuak (Antibody-drug conjugate edo ADC siglekin ezagutzen dira ingelesez) eman dizkiete, eta horien biziraupena handitu dute. Orain, gaixo gehiagorekin probatu behar dituzte. 

66 pazientek hartu dute parte saiakuntzaren lehen fasean. Argazkia: Pixabay (Darko Stojanovic)

Saiakuntza kliniko batek emaitza onak lortu ditu kolon eta ondesteko minbiziak jotako pazienteengan. Espainiako Estatuan minbizia ohikoena da kolon eta ondesteko minbizia. 

Nafarroako Ospìtale Unibertsitarioko Zentro Onkologiko Integrala (Comprehensive Cancer Center ingelesezko izenarekin edo CCC siglekin ezagutzen dute) eta Gregorio Marañon Madrilgo ospitaleak egin dute saiakuntza, eta emaitzak kontuan hartuta, gaixo gehiagorekin probatuko dute, horren eraginkortasuna baieztatzeko. 

Farmako immunojokatuak (Antibody-drug conjugate edo ADC siglekin ezagutzen dira ingelesez) erabili dituzte saiakuntzan, eta metastasia zuten pazienteei eman diete. Terapia horrek ahalbideratzen du kimioterapia dosi handitan ematea, eta tumore zelulei zuzendutako antigorputz batekin konbinatzea. Hori jaso zuten gaixoen biziraupenak gora egin zuen, 10 hilabetetik 14ra. 

"Tratamendu horri esker, kimioterapia hobeto zuzentzen zaio tumoreari, eta dosi handiagoa eman dezakegu. Kimioterapia konbentzionalean ezingo genuke halako dosi handirik eman", azaldu du Ana Landa onkologoak zentro horrek zabaldutako ohar batean. 

Bada gehiago. ADC terapia MET proteinaren aurkakoa da berez, baina saiakuntzan egiaztatu ahal izan dutenez, proteina hori kaltetuta ez zuten pazienteengan ere lortu dira emaitzak. Hala, baliteke etorkizunean gaixo gehiagori emateko aukera egotea. Izan ere, tratamendu horietako asko tumore jakin batzuk dituzten edo proteina espezifiko bat adierazten duten pazienteei bakarrik eman dakizkieke, eta horrek mugatu egiten du sendagaia jaso dezaketen pertsonen kopurua. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X