Txomin Letamendi frankismoaren torturapean hil zela aitortzeko eta gertatutakoa judizialki egiaztatzeko aurrekaririk gabeko epaiketa egin dute gaur
Duela 76 urte hil zen gudari eta EAJko militantea, eta epaiketa Donostian egin dute, akusaturik gabe. Prozesu honek aurrekaria ezarri nahi du beste biktima askorentzat.
Txomin Letamendi frankismoak errepresaliatutako EAJko militantea eta gudaria izan zen, eta Memoria Demokratikoaren Legearen esparruan Hego Euskal Herrian izan den borondatezko jurisdikzioko lehen epaiketaren protagonista izan da gaur.
Bestelako prozedura judizial batzuetan gertatzen den ez bezala, epaiketa hau ez da pertsona jakin baten aurka zuzendutako “auzibiderako” ikustaldi bat izan, baizik eta egintza administratibo bat, zeinetan egitate bat egiaztatu nahi den.
Letamendi Jose Antonio Agirre erbesteko lehendakariarentzako informazio zerbitzuko agentea izan zen, eta Asier Altuna zuzendariak pantailetara eraman zuen Karmele filmean (Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritua). GEBehatokia elkarteak eta familiak 2024ko abenduan aurkeztu zuten kereila bat du aurrekari, heriotzaren 75. urteurrena bete zenean.
Auzi penala, artxibatuta
Hala ere, auzi penal hori artxibatu egin zen, Letamendiri egindako galdeketetan parte hartu zuten bi polizia frankistak hilda zeudelako, eta, ondorioz, balizko erantzukizun penal bat "azkendu" egin zen.
Horren ondorioz, GEBehatokiaren eskutik borondatezko jurisdikzioko epaiketa bat egiteko eskatu zuen familiak, eta bi helburu lortu nahi dituzte orain: batetik, Txominen heriotza "pairatu zituen torturek" eta "jasan zuen kartzela basatiaren aldiak" eragin zutela egiaztatzea, eta, bestetik, "frankismoaren epai politikoak auzitan jartzea".
Epaiketa baino lehen, Donostiako Lehen Auzialdiko 7 zenbakiko Epaitegian, Agus Hernan GEBehatokiko bozeramailea eta Oscar Sanchez abokatua Justizia Jauregiaren kanpoaldean bildu dira Letamendiren hurbilekoekin, eta Markel Olano EAJko buruzagia eta Maddalen Iriarte EH Bildukoa ere bertan izan dira.
Ondoren, Hernanek kazetariei baieztatu dienez, prozesu hau "akusaturik gabeko epaiketa" da, eta horretara historialari bat eta Letamendiren semeetako bat agertu dira. Familiaren abokatuak, berriz, gertakarien azalpena egin du, froga dokumentalak babestuta".
Hernanek azaldu duenez, biktimek "egia sozial bat, egia instituzional bat eta egia judizial bat" izateko eskubidea dute, eta azken hori da Letamendiren kasuan oraindik falta dena, egia soziala "beti izan duelako" eta instituzioena Eusko Jaurlaritzak iaz egindako "aitorpenarekin" lortu zelako.
"Orain ziklo hori egia judizialarekin ixten ari gara", azpimarratu du Hernanek.