Txileko militar ohi bat errudun jo dute AEBn, Victor Jara hiltzeagatik
Pedro Barrientos txiletar teniente ohia errudun jo du AEBko epaimahai batek, 1973an Victor Jara kantautorea torturatzea eta hiltzeagatik.
Barrientosek estatubatuar nazionalitatea du egun, eta Victor Jararen alargunak, Joanek, eta bi alabek, Manuela Bunsterrek eta Amandak, aurkeztu dute haren aurkako salaketa.
Jararen familiari 28 milioi dolar ordaindu beharko dizkio militar ohiak, eragindako kalteagatik.
Txileko Estadioarekin lotu dute Barrientos, Augusto Pinocheten diktaduran atxiloketa eta tortura zentro bilakatu zuten estadioarekin.
Epaia entzundakoan, Jararen alarguna eta bi alabak negarrez hasi dira, lasaitua hartuta, eta abokatuak besarkatu dituzte.
Catherine Roberts abokatuak azaldu duenez, ebazpen hau Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuarentzako mezua ere bada, “Barrientos Txileren esku uzteko estradizio prozesua azkartu dezan”.
Epaiketan, militar ohiak uko egin zion Jara ezagutzen zuela onartzeari. 1973an Txileko Estadioan hil zuten Jara, beste hainbat pertsonarekin batera.
Alabaina, akusazioaren lekukoek, tartean ofizial ohiak, baieztatu egin dute Txileko Estadioa, besteak beste, Barrientosen agindupean zegoela. Jara eta dozenaka ikasle eta irakasle bertara eraman zituzten atxilotuta, eta atxilotuak torturatzen ikusi zituztela kontatu dute.
Jararen alargunak eta bi alabek ere eman zuten bere testigantza epailearen aurrean.