Telefonoz
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Europan bere hizketakidea izateko proposatu dio Rajoyk Trumpi

Gai desberdinak landu dituzte, besteak beste, aldebiko harremana, segurtasuna eta egungo egoera ekonomikoa.
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EiTB
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EiTB

Europan, Latinoamerikan, Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean bere hizketakidea izateko proposamena egin dio astearte honetan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Donald Trump AEBko presidenteari. Bere esanetan, Espainia egoera ezin hobean dago bere hizketakidea izateko herrialde horietan.

Urtarrilaren 20an AEBko presidente kargua hartu zuenetik Rajoyk eta Trumpek telefono bidez egindako lehen elkarrizketa izan dute astearte honetan, Etxe Zuriak eta Moncloak egun batzuk lehenago iragarri zuten bezala.

Bi presidenteen arteko elkarrizketak 15 minutu inguru iraun du. Espainiako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hainbat gai jorratzeko aukera izan dute; aldebiko harremana, segurtasuna eta egungo egoera ekonomikoa, besteak beste.

Halaber, elkarrizketa amaitu ostean, Mariano Rajoyk horren inguruko iruzkin bat egin du Twitterren duen kontuan. Bere esanetan, ?adeitasunez? hitz egin dute biek, eta elkarrizketa horrek bi herrialdeen arteko harremana sendotzen jarraitzeko balio izan duela azpimarratu du.

Espainiako Gobernuaren arabera, AEBko Gobernu berriarekin harreman ona izateko nahia helarazi dio Rajoyk, eta Trumpi interes gehien piztu dion gaia Espainiako egungo egoera ekonomikoa izan dela gaineratu du.

Testuinguru horretan, Espainiak Gobernu ?sendoa? duela eta ekonomia % 3 hazi dela nabarmendu du Rajoyk. Arrazoi horregatik, Europan, Latinoamerikan, Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean bere hizketakidea izateko (Espainia) egoera ezin hobean dagoela esan dio AEBko presidenteari.

Dena dela, Espainiako Gobernuak zabaldu duen oharrak ez du zehazten bi presidenteek bestelako gai polemiko batzuk aztertu dituzten, Mexiko eta AEB arteko mugan Trumpek eraiki nahi duen hesia, esaterako.

Europar Batasunari dagokionez, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteak ekarriko dituen ondorioei buruz hitz egin dute. Ildo horretatik, hurrengo hilabeteotan herrialde horren irteeraren inguruko datu gehiago zabalduko direla esan dio Rajoyk, eta onena lortzeko lan egiteko prest agertu da.

Era berean, maiatzean NATOko kideek Bruselan egingo duten goi-bilerari buruz hitz egin dute; izan ere, lehen aldiz izango dira bertan aurrez aurre.

Bestalde, Estatu Islamikoari eta, oro har, terrorismoari aurre egiteko elkarlanean jarraituko dutela azpimarratu dute. Rajoyk esan duenez, Espainiako militar askok formakuntza ikastaroak egiten dituzte Iraken.

Egoera ekonomikoari dagokionez, AEBk eta Espainiak merkataritza-harreman ?onuragarriak? dituztela berretsi dute.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ramon Aizarnak 300 metrora bizi izan zituen 2001ean I-11ko atentatuak: "Ikusitako guztiaren inpaktua bizitza osorako izango da"

Ramon Aizarna gipuzkoarrak, AEBn bizi den euskaldunak, World Trade Centerrera begira zegoen loft batetik ikusi zituen I-11ko Dorre Bikien aurkako atentatuak. Une hartan bertan gertatzen ari zena zuzenean kontatu zuen ETBrentzat. 25 urte geroago, berriro hitz egin dugu berarekin, historia aldatu zuen egun tragiko hura berarekin gogoratzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X