Lau atxilotu 'Diciotti' ontzian, pertsonekin trafikatzea egotzita
Diciotti Italiako kostazainen ontziak erreskatatutako migratzaileen arteko lau lagun atxilotu dituzte, ustez pertsonekin trafikatzea egotzita. Hiru egiptoar eta bangladeshtar bat dira.
Hain zuzen ere, delitu hauek egotzi dizkiote: pertsonen salerosketarako talde kriminala osatzea, legez kanpoko immigrazioa, sexu-indarkeria eta legez kanpo sartzea.
Igandean, Diciotti ontziko migratzaileek lehen eguna eman dute lehorrean. Azken bost egunak ontzian eman dituzte, Cataniako portuan; izan ere, Italiako Gobernuak ez zien lehorreratzeko baimenik ematen.
Salviniren kontrako salaketa
Migratzaileek Libian jasandako tratu txarrek utzitako arrastoak erakutsi dituzte; horietako hamaika Eritreako emakumeak dira, eta Europarako bidean ontzira igo aurretik bortxatu egin zituzten.
Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren kontrako salaketa jarri dute, migratzaileei ontzitik lehorrera jaisteko baimena ez emateagatik; bahiketa eta botere-abusua egotzi dizkiote. Luigi Patronaggio Agrigento hiriko fiskalak Salviniren inguruko ikerketa bultzatu du, eta Erromara joan da, Barne Ministerioko goi-kargudun batzuk galdekatzera.