Italiak desafio egin dio austeritateari
Italiako Gobernua desafio egiten ari zaio Europar Batasunak ezarritako austeritate politikari. Beste era batera esanda, Alemaniari desafio egiten ari zaio; izan ere, Alemania da politika horiek defendatzen dituena Europa erdialdeko eta iparraldeko herrialdeen babesarekin. Italiak, bere aldetik, hegoaldeko herrialdeen nolabaiteko babesa du. Italia egiten ari dena egitea gustatuko litzaieke Greziari, Espainiari, Portugali eta Frantziari, baina momentuz ez dira ausartzen.
Zer ari da egiten Italia? Europako Batzordeak ezarritako defizit mugak nabarmen betetzen ez dituzten Aurrekontuak aurkeztu ditu. Batzordeak egindako ohartarazpenen aurrean, Italiako Ekonomia ministroak esan du, baietz, badakitela mugak gainditzen ari direla eta lehen ministroak erantsi du ez dutela atzera egingo du. Hau da, nahita egindako desafioa da.
Bruselak ondo pentsatu beharko du erantzuna. Italiaren aurrean amore ematen badu, beste herrialde batzuetako gobernuek gauza bera egin dezakete; aitzitik, amore ematen ez badu iparraldearen eta hegoaldearen arteko arrakala sakondu egingo da eta Europaren aurkako jarrera areagotuko da Italian.