Haren estradizioa eskatu dute
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Huaweiko finantza-zuzendaria atxilotu dute Kanadan, AEBk eskatuta

Hilaren 1ean atxilotu zuten Wanzhou Meng, Washingtonek Irani ezarritako zigorrak ustez bortxatu izateagatik.
Wanzhou Mengek, AEBren esanetan, Irani ezarritako zigorrak bortatxu zituen. Argazkia: EFE.
Wanzhou Mengek, AEBren esanetan, Irani ezarritako zigorrak bortatxu zituen. Argazkia: EFE.

Kanadako agintariek Huawei txinatar erraldoi elektronikoko finantza-zuzendari Wanzhou Meng atxilotu dute, Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzea xede, Washingtonek Irani ezarritako zigorrak ustez bortxatu izateagatik; hala eman du jakitera Kanadako Gobernuak, ostegun honetan, ohar baten bidez.

Kanadiako Justizia Ministerioak zabaldu duenez, Wanzhou Meng, 46 urtekoa bera, Vancouverren atxilotu zuten, hilaren 1ean, eta auziaren xehetasunak sekretuan daudela, epaileak hala aginduta.

Ostiralean, bista egingo dute; bertan, zehaztuko dute konpainiako sortzailearen alaba den Huaweiko exekutiboa, AEBrako estradizioaz eztabaidatzen ari diren bitartean, fidantzapeko askatasunean utziko duten ala ez.

'The Globe and Mail' egunkariak adierazi duenez, atxiloketa eta estradizioa AEBko agintariek eskatu dute; izan ere, Wanzhouk, ustez, bortxatu ditu Ameriketako Estatu Batuek Irani ezarritako zigor ekonomikoak.

Atxilotutako exekutiboa 2011tik da Huaweiko finantza-zuzendaria, eta enpresako administrazio-kontseiluko presidenteordea da, gainera.

Huawei, AEBko "segurtasun nazionalerako mehatxua"

1987an sortu zuten Huawei, eta, egun, telekomunikazio-ekipoko fabrikatzailerik handiena da, mundu-mailan; halaber, telefono mugikorretako fabrikatzailerik nagusienetakoa da.

AEBko agintariek ohartarazi dute Huawei mehatxua dela segurtasun nazionalerako; izan ere, ustez, loturak ditu Txinako Gobernuarekin eta azken horren segurtasun-zerbitzuekin.

2011tik, Washingtonek erabakita du ez erostea Huaweik ekoiztutako zerbitzaririk; gainera, aurtengo maiatzean, Pentagonoak debekatu zuen txinatar fabrikatzailearen telefonoak saltzea bere baseetan.

Hainbat senatari estatubatuarrek eskatu zioten Kanadako Gobernuari ez erabiltzeko Huaweiren ekiporik herrialdeko telekomunikazio-sareetan; izan ere, beldur ziren, ekipo horiek Txinako Gobernuak espiatzeko baliatu ahal zituelako, haien iritziz.

Zure interesekoa izan daiteke

Gaza argazkia
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

1.500 haurrek doako igeriketa-ikastaroen amaiera ospatu dute Gazako itsasoan bainua hartuz

Astearte honetan, 1.500 haur palestinar elkarrekin sartu dira itsasora Gazako hegoaldeko Al-Mawasi hondartzan udako doako igeriketa-ikastaroak amaitu dituztela ospatzeko. Eskolak Tantesh Akademiak antolatu ditu, eta 1999tik darama haurrei igerian irakasten. Familiak hondartza ondoan kanpin-dendetan eta egoera gogorrean bizi diren arren, akademiak eskolak ematea lortu du, hondartzan bertan aldi baterako igerilekuak eraikita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X