Ameriketako Estatu Batuak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

George Floyd hiltzeaz akusatutako polizia ohiak epaiketan deklaratzeari uko egin dio

AEBko Konstituzioaren arabera, auzipetuek epaiketan testigantzarik ez emateko eskubidea dute, esaten dutena beraien aurka erabili ez dezaten, eta Derek Chauvinek aukera hori baliatu du.
Minneapoliseko epaitegia.
Minneapoliseko epaitegia. Artxiboko argazkia: EFE

George Floyd afro-amerikarra hiltzeaz akusatuta dagoen Derek Chauvin polizia ohiak epaiketan deklaratzeari uko egin dio, Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioaren bosgarren zuzenketa baliatuta. Arau horri esker, auzipetuek epaiketan testigantzarik ez emateko eskubidea dute, esaten dutena beraien aurka erabili ez dezaten, hau da, nahi barik bere burua errudun jo ez dezaten.

Floyden hilketa argitzeko epaiketa martxoaren 29an hasi zen Minneapoliseko auzitegian eta gaur deklaratu behar zuen akusatuak. Aurreko saio guztietan isilik egon da, bere abokatuaren ondoan eserita eta oharrak hartzen.

Chauvinek bere erabakia jakinarazi duenean, Peter Cahill epaileak epai-mahaiko 12 kideei azaldu die horretarako eskubidea duela eta, ondorioz, deklaratzeari uko egin izan ezin dutela haren aurka erabili.

Chauvin Poliziatik kanporatu zuten, Floyden hilketa leporatu ziotenean. Hiru delitu egozten dizkiote: hilketa bigarren graduan (40 urteko espetxealdia gehienez), hilketa hirugarren graduan (25 urteko kartzela-zigorra gehienez) eta homizidioa bigarren graduan (10 urteko espetxealdia gehienez).

Edonola ere, aurrekari penalik ez duenez, gehienez 12 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezar diezaiokete hilketa egotziz gero; eta lau urteko kartzelaldia, homizidioa leporatzen badiote.

Floyd 2020ko maiatzaren 25ean hil zen. Denda batean ustez billete faltsu batekin ordaintzeagatik indarrez atxilotu zuten lau agentek. Lurrera bota zuten eta une horretan Chauvinek hanka lepoan jarri zion, itota hil zen arte.

Bestalde, laugarren egunez jarraian, Minneapolisetik hurbil dagoen Brooklyn Centerreko komisaldegiaren aurrean ehunka manifestari bildu dira, polizia batek Daunte Wright 20 urteko afro-amerikarra hil izana salatzeko.

Erasotzailea Kimberly Potter da eta Poliziatik kaleratu dute. Atzo atxilotu zuten gertakari horrekin lotuta eta homizidioa egotzi diote.

 

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X