Bidenek iragarri du asteburu honetan sartuko dela laguntza humanitarioa Gazara
Egipto eta Gazako Zerrenda arteko Rafahko pasabidea asteburuan zabalduko dutela iragarri du Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. 24-48 orduko epean laguntza humanitarioa daramaten 20 kamioi Gazara sartuko direla esan du AEBko buruak, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruarekin Etxe Zurian gaur egin duen bileran.
Israelgo eta Egiptoko agintariek Rafahko pasabidea zabaltzeko "konpromisoa" agertu diotela ziurtatu du AEBko presidenteak. "Datozen 24-48 orduotan 20 kamioi sartuko direla uste dut", adierazi du.
Bestalde, Jens Laerke Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Laguntza Humanitarioa Koordinatzeko duen Bulegoaren bozeramaileak goizean zehaztu duenez, Gazako Zerrendan dauden zibilen beharrak hil edo bizikoak dira: elikagaiak, ura, botikak eta erregaia. Azken hori ezinbestekoa da ospitaleak martxan izateko (generadoreen bitartez ari dira hornitzen). "Erregaiak biziraupena bermatzen du. Bederatzi eguneko itzalaldiaren ostean funtzionatzen duen apurrak generadoreei esker egiten du", adierazi du.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia eta Martin Griffith erakundeko koordinatzaile humanitarioa Egiptoko Gobernuarekin ari dira sarbidea negoziatzen. Elikagaiz, urez eta botikaz betetako dozenaka kamioi zain dira Rafahko pasagunean, Egipto eta Gaza artean, baimena noiz emango.
"Negoziazioak aurreratuta ditugu laguntza operazioa lehenbailehen has dadin, baldintza egokietan", azaldu du Laerkek Genevan egindako prentsaurrekoan.
Hain justu, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia Rafahko pasagunera joan da gaur. "Ezinezkoa zait hemen egon eta bihotza ez apurtzea. Bi milioi pertsona daude gorriak ikusten, janaririk gabe, botikarik gabe... Dena behar dute bizirauteko. Alde honetan, kamioiak eta haiek behar duten guztia daukagu. Kamioi horiek ez dira kamioiak bakarrik, bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea dira; ahalik eta gehien sartu behar ditugu", azpimarratu du.
Egiptok esana du dena prest dagoela pasabidea zabaltzeko, baina gutxieneko segurtasuna behar dela, Israelen bonbardaketak etengabeak dira eta. Gaza iparraldetik ihesi, milaka eta milaka lagun daude Zerrendaren hegoaldean, mugatik gertu.
NBEren arabera, Gaza hegoaldera sartzeko mekanismoa behar da, baina desiragarriena su-etena litzateke, laguntza behar duen orori emateko, non dauden gorabehera. Oraindik argitzeke dago zertan geratuko den laguntza humanitarioaren inguruko akordioa: denbora baterako edo mugagabea den, osasun eta langile humanitarioek sartzerik izango duten, edota Gazatik inor (batez ere atzerritarrak) irteteko baimena emango duten.
4.137 palestinar hil ditu Israelek
Bitartean, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du, eta Zerrendara lurretik sartzeko prestatzen ari da. Gazako Osasun Ministerioak salatu duenez, Israelgo Armadak San Porfirio eliza ortodoxoa bonbardatu du bart, eta 16 palestinar kristau hil. Gurtzako zentroak babesgune bilakatu dira Gazan, eta aterpe bila joandako ehunka lagun zeuden bertan, umeak tarteko.
Agintari palestinarrek egindako azken balantzearen arabera, 4.137 pertsona hil eta 13.260 zauritu dituzte gerra hasi zenetik. Ashraf al Qidra Gazako Osasun Ministerioaren bozeramailearen hitzetan, gutxienez 1.161 haur zendu dira Israelek egindako erasoetan.
Agerraldi berean, bozeramaileak jakinarazi du 7 ospitale eta 21 osasun etxe zerbitzutik kanpo daudela bonbardaketen ondorioz.
Biktima horiei guztiei Zisjordanian eragindako heriotzak erantsi behar zaizkie. Palestinako Aginte Nazionalaren arabera, 81 dira.
Hain justu, NBEren Giza Eskubideetarako Bulegoak kritikatu du Palestinako eremu horretako segurtasuna kinka larrian dagoela, mundu guztia Gazari begira dagoen bitartean. Erakundearen arabera, "indar israeldarrek 73 palestinar hil dituzte, 19 ume tartean".
Zure interesekoa izan daiteke
AEBk ofizialki onartu du "espazioa kontrolatzeko" armak zabalduta dituela orbitan
AEBko agintariek azpimarratu dute gaitasun horrek herrialdea "defendatzeko" aukera ematen duela, euren "aurkako erasoen" aurrean.
AAren arriskua "gezurra" dela esan du Trumpek, eta klima aldaketaren "iruzurraren" pare jarri du
"Duela gutxi esaten zuten mundua desagertuko zela 'klima aldaketagatik'. Gezur horrek ez zien inoiz funtzionatu, eta orain hurrengoaren bila doaz", adierazi du AEBko presidenteak.
Nazio Batuen Erakundeak adimen artifiziala gobernatzeko eskatu die Estatuei eta enpresei: "Giza eskubide guztiak arriskuan daude"
Anthropic, OpenAI eta Google AA autoerregulatzeko segurtasun erakunde bat sortzea aztertzen ari dira, The Washington Post egunkariaren arabera. Donald Trumpek adierazi duenez, berriz, "AAk behar duen kontrol edo segurtasun mekanismo bakarra ni bezalako presidente indartsu eta argia da".
Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak akordio historiko bat sinatu dute autodeterminazioaren alde
Cardiffen, Galesko hiriburuan egindako bileran independentziari buruzko erreferendumaren alde egiteko estrategia bateratua iragarri dute hiru buruzagiek.
Zentro-ezkerreko oposizioak garaipen estua lortu du Suedian, baina emaitza ez da ziurra oraindik
Hiru eserlekuren aldea baino ez du, 176 173ren kontra, eta ostiralerako espero da behin betiko emaitza, atzerritik iritsitako botoak zenbatuta. Ultraeskuinak indarra galdu du, eta Alderdi Kontserbadorearen atzetik geratu da.
Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako liderrek independentziaren aldeko memorandum bat sinatuko dute gaur
Trumpek Irlandaren bateratzea laster gertatuko dela esan eta biharamunean iritsi da iragarpena. AEBko presidentearen adierazpenak oso kritikatuak izan dira Erresuma Batuan.
Zentro-ezkerreko oposizioko blokeak irabazi ditu Suediako hauteskundeak, inkesten arabera
Zentro-ezkerrak botoen % 51,3 eskuratu ditu eta Ulf Kristersson lehen ministro kontserbadoreak, berriz, % 46,8, SVT telebista publikoak egindako inkesta baten arabera.
AEBko Kongresuko demokratek IAren garapena geldotu nahi dute, sektoreko buruen alarmaren ostean, baina Trumpek esan du ez dela "gertatuko"
Asteartean bilera egingo dute Behe Ganberako demokratek, eta bertan "lehentasun garrantzitsu bat adimen artifizialaren inguruko ekintza izango da", aurreratu dute.
500 kolono israeldar inguru sartu dira Al Aksa meskitara juduen Urteberriko ospakizunetan
1967tik indarrean dagoen statu quoaren arabera (Israelek Ekialdeko Jerusalem okupatu zuenean), esparru hori musulmanen gurtzarako baino ez da, eta juduak bisitari gisa baino ezin dira sartu.
Ukrainak eta Errusiak elkarri eraso diote: bi pertsona hil eta dozenaka zauritu dira
Ukrainako indarrek Errusia ipar-mendebaldean eragin dituzte bi heriotzak, Nizhnekamsk udalerrian. Moskuk droneak erabiliz eraso dio Kievi, eta gutxienez bost lagun zauritu ditu. AEBren arabera, baina, bi herrialdeek nahi dute gatazka konpondu.