Venezuelan atxilotutako bi bilbotarren egoera "onartezina" helaraziko dio Espainiak EBri
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak Nicolas Maduroren Gobernuaren aurkako operazio terrorista baten parte izatea egotzita Venezuelan espetxeratutako bi euskal herritarren egoera "onartezina" aztertuko du Europar Batasuneko homologoekin batera.
Albaresek Europar Batasuneko estatuetako Kanpo Arazoetako ministroek Luxenburgon egingo duten bileran emango du gai horren berri, eta Venezuelako krisiari buruz hitz egingo dute bertan. Halaber, Nicolas Maduro demokratikoki aukeratutako presidente gisa ez dutela onartzen berretsiko dute, ez baitute uztailaren 28ko hauteskundeetako aktak ikusteko aukerarik izan.
"Ikusiko dugu venezuelarrrek uztailaren 28an askatasunez adierazi zuten borondate demokratikoaren bidean nola aurreratu daitekeen, betiere venezuelarrena izan behar duen irtenbidea izanik (...) ezin da kanpotik inposatutakoa izan, eta, jakina, baketsua izan behar du", adierazi du ministroak prentsaurrekoan, bilerara iritsitakoan.
Eta gaineratu du: "Mahai gainean jarriko dut berriro gure bi herritarren egoera onartezina, une honetan Venezuelan bidegabeki atxikita baitaude".
Bi euskal herritarrak irailean atxilotu zituzten Venezuelan, Nicolas Maduro hiltzeko AEBek zuzendutako operazio baten parte izatea leporatuta; "terroristatzat" jo ditu Madurok, eta Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionalarekin (CNI) lotura dutela azpimarratu du.
Espainiako Gobernuak gezurtatu egin du Espainia Venezuelan desegonkortze politikoko operazio batean nahasita dagoenik, baita bi atxilotuak CNIko kide direnik ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte