Ukrainak AEBri egindako eskariei eutsiko die eta Trumpek ez du Zelenskiren jarrera "luzaroan" onartuko
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europatik jaso duen babesari erreferentzia egin dio astelehen honetan, AEBri berriro eskatzeko Ukrainarentzat ezinbestekoak diren segurtasun-bermeak kontuan har ditzala, Errusiarekin negoziazio formalak hasi aurretik. Errusiak, berriz, garrantzia kendu dio Frantziak eta Erresuma Batuak bakea lortzeko bide-orri propioa aurkezteko abian jarritako ekimenari.
"Abiapuntu berak elkartzen gaitu guztiok: benetako bakea lortzeko, benetako segurtasun-bermeak behar dira. Eta hori da Europa osoaren jarrera, kontinente osoarena. Erresuma Batua, Europar Batasuna, Norvegia, Turkia", esan du Zelenskik goizaldean nazioari zuzendutako hitzaldi batean, Londresen egindako goi-bileraren ondoren. Bilera horretan, dozena bat herrialdetako ordezkariek babesa eman zioten Etxe Zurira egindako bisita gogorraren ostean.
Zelenskik adierazi duenez, Europako buruzagi nagusiek eta Ukrainak "jarrera komunak" zehaztuko dituzte epe laburrean, eta, ondoren, Donald Trump AEBko presidenteari helaraziko dizkiote.
Zelenskik aipatu dituen "jarrera komun" horiek igandean Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak iragarritako ekimenetik abiatuko dira. Ekimen horrekin, bat egiten duten herrialdeek Ukrainari ematen dioten laguntza militarra areagotuko dute, negoziazioetara indartsu irits dadin, eta, aldi berean, AEBren babesa izango duen Europan bakerako indar bat sortzea adostu nahi dute.
Testuinguru horretan, badirudi Zelenski Trump "nekarazten" ari dela. AEBko presidenteak ohartarazi du ez dituela "askoz denbora gehiagoz" onartuko Ukrainako agintariaren jarrerak.
Trumpek Truth sare sozialean zabaldu du mezu hori, Associated Pressek zabaldu duen titular batekin batera. Hau esaten du titularrak: "Zelenski Ukrainako presidenteak dio Errusiarekiko gerraren amaiera oso-oso urrun dagoela".
Ukrainara armak bidaltzen jarraitu ala ez erabakitzeko bilera
Donald Trump AEBko presidenteak segurtasun bermeen auzia su-etena lortu arte atzeratu nahi du eta Ukraina armatzen jarraitzeko konpromisoa hartzea ere saihestu du orain arte Trumpek.
Hain zuzen ere, aholkulariekin bilduko da astelehen honetan AEBko presidentea, Kievera armak bidaltzen jarraituko duen ala ez erabakitzeko eta Ukrainari buruzko jarrera zehazteko.
ABC kateak astelehen honetan jakinarazi duenez, bilera arratsalderako aurreikusita dago, eta Mike Waltz Segurtasun Nazionaleko aholkulariak, Marco Rubio estatu-idazkariak eta Pete Hegseth Defentsa idazkariak hartuko dute parte.
Bilera ez da Trumpen agenda ofizialean agertzen, eta, EFE agentziak galdetu dionean, Etxe Zuriko prentsa bulegoak ez du bilera dagoenik baieztatu. Dena den, hala ari dira zabaltzen AEBko komunikabide nagusiak.
Errusiaren jarrera
Kremlinek uste du Starmerrek abiatutako planak "kontraesanak" dituela: "Han (Londresen) Ukrainarentzako finantzaketa maila handiagoa urgentziaz bermatzeko beharrari buruzko adierazpenak entzun ziren. Hori, argi eta garbi, ez da bake plan baterako, ekintza militarren jarraipenerako baizik", esan du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, telefono bidezko prentsaurrekoan.
Zelenskiren eta Trumpen arteko ika-mika ere hizpide izan du Peskovek: "Kievek eta Zelenskik ez dute bakea nahi. Gerrarekin jarraitu nahi dute", adierazi du.
Gainera, Errusiako agintariek ez dute begi onez ikusten, Starmerren planean aurreikusten den bezala, Errusiarekin gerra amaitzea lortu ondoren ere Ukrainari armak bidaltzen jarraitzea, proposamen hori "pedofilo kleptomano bati haurtzaindegi batean kontu-hartzaile lana ematea bezala da", idatzi du Telegramen Maria Zajarova Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
Starmer: AEB "ezinbestekoa da eta beti izango da" Erresuma Batuarentzat
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa bertako Parlamentuan izan da gaur joan den ostegunean AEBko presidentearekin izan zuen bileraren laburpena egiteko. "Argi eta garbi esango dut, Amerikarekin dugun harremana indartu behar dugu, gure segurtasunagatik, gure teknologiagatik, gure merkataritza eta inbertsioagatik", adierazi du.
"Estatu Batuak ezinbestekoak dira eta beti izango dira ezinbesteko, eta guk ez dugu inoiz Atlantikoaren alde bat edo bestea aukeratuko", gaineratu du.
Donald Trumpek Zelenskirekin izandako jarrera polemikoaren gainean, buruzagi laboristak esan du inork ez lukeela zalantzarik izan behar Trump presidenteak Ukrainaren eta Errusiarekin arteko gerran bakea lortu nahi duenik: "Ganbera honetan inork ez luke zalantzan jarri behar, ezta segundo batez ere, bere konpromisoa zintzoa dela", azpimarratu du.
Halaber, lehen ministroak berretsi du Ukrainaren etorkizuna ezinbestekoa dela Erresuma Batuaren "segurtasunaren etorkizunerako".
Zure interesekoa izan daiteke
Ormuzko itsasartea itxi duela iragarri du Iranek, Israelek Libano hegoaldean egindako erasoengatik
Ekialde Hurbileko gerrari amaiera emateko akordioa urratzea leporatu dio AEBri, baita Israelek Libanoko hegoaldean behin eta berriz su-etena urratu izanaren erantzukizuna ere.
Inoizko hauteskunde polarizatuenen bigarren itzulia izango dute igande honetan Kolonbian
Hauteskunde aurreko aurreikuspenen arabera, Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak botoen % 50 inguru lor ditzake eta Ivan Cepeda ofizialistak, berriz, botoen % 44. Ikusteko dago iragarpenek asmatzen duten ala ez.
Israelek eta Hezbollah miliziak su-etena adostu dute, Israelgo hainbat hedabideren arabera
Hala ere, oraingoz, egoerak ez du baretzeko itxurarik Libanon. Azken orduotan, gutxienez 18 pertsona hil eta 30 baino gehiago zauritu ditu Israelgo Armadak Libano hegoaldean egindako bonbardaketen ondorioz.
Frantziako justiziak Achraf Hakimi futbolaria epaituko du emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta
Paris Saint-Germain taldeko jokalaria Marokoko selekzioarekin Munduko Kopan parte hartzen ari den bitartean, Versallesko Apelazio Auzitegiko instrukzio salak atzera bota du horren defentsak aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, akusatuen aulkian eseri beharko du 2023an emakume bati sexu erasoa egitea egotzita.
AEBk eta Iranek bertan behera utzi dituzte Suitzan itunaren inguruan egin behar zituzten elkarrizketak
Burgenstockeko bilera bertan behera utzi dute JD Vance ez delako bertara joan eta ez zegoelako argi Irango Gobernuaren ordezkaritza bertan izango zen, baina Washingtonek negoziazio teknikoetan aurrera egiteko asmoari eutsi dio.
Andy Burnham alkate laboristak eserleku bat lortu du, eta Starmerri aurre egin ahal izango dio
Makerfieldeko hauteskundeetan lortutako garaipenak Alderdi Laboristaren buruzagitza eskuratu eta Erresuma Batuko Gobernua gidatzeko bere asmoa indartu du.
Hauek dira Iranek eta Estatu Batuek adostutako akordioaren 14 puntuak
Ekialde Hurbileko gerrari amaiera emateko eta Ormuzko itsasartea desblokeatzeko akordioaren xehetasunak plazaratu dituzte Estatu Batuek. Akordioak atzeratu egiten ditu eztabaidagai delikatuenak, hala nola programa nuklearraren garapena.
Errusiak areagotu egin ditu Ukrainako ondare kulturalaren aurkako erasoak, eta bost eraikin historiko kaltetu ditu 24 orduan
Kaltetutako eraikinen artean dago Jasokundearen katedrala, Kieven. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, Errusiaren bi dronek eragin dituzte kalteak.
Irango zenbait ontzik “arazorik gabe” Ormuzko itsasartea zeharkatu dute, AEBren eta Iranen arteko akordioa iragarri ostean
Hiru petrolio-ontzik eta oinarrizko produktuak garraiatzen dituzten bi merkantzia-ontzik zeharkatu dute itsasartea.
AEBk eta Iranek gerrari amaiera emateko akordioa lortu dute
Washington eta Teheran artean bitartekari lanetan aritu den Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak baieztatu du akordioa indarrean dagoela eta iragarri du ekainaren 19an sinatuko dutela, Suitzan. Momentuz, ez dute testua ofizialki ezagutzera eman eta alde bakoitzak interesatzen zaizkion alderdiak nabarmendu ditu.