Edan Alexander soldadu israeldarra askatu du Hamasek
Hamas Palestinako erresistentzia mugimenduak gaur baieztatu duenez, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen (ICRC) esku utzi du Edan Alexander gatibu israeldar-estatubatuarra, 2023ko urriko erasoetan bahitu eta orain arte Gazako Zerrendan atxikita zegoena.
"Izz ad-Din al-Qassam Brigadek Edan Alexander soldadu israeldarra askatu dute berriki, AEBko administrazioarekin harremanetan jarri ostean", azaldu du erresistentzia mugimenduak Filastin egunkarian.
21 urteko Alexander New Jerseyn jaio zen eta Israelgo Armadan ari zen Hamasek 2023ko urriaren 7ko erasoetan gatibu hartu zuenean.
Alexander Israelgo Armadaren esku dago, Armada sionistak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Oharrean, Armadak azaltzen du Alexander, militar israeldarra, indar bereziekin batera itzuliko dela Israelera. Bertan, azterketa mediko bat egingo zaio eta familiarekin bilduko da.
"Israelgo Defentsa Indarren komandante eta soldaduek etxera itzultzen den bahitua agurtu eta besarkatzen dute", dio oharrak.
Alexander Armadarekin dagoela baieztatu ostean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak ohar bat argitaratu du askapena ospatzeko.
Alexander askatzea "bitartekariak su-etena lortzeko, mugak zabaltzeko eta laguntza Gazan sartzen uzteko egiten ari diren ahaleginen parte" dela berretsi du Hamasek bere oharrean.
"Negoziazio serioekin" pertsona gehiago askatuko dituztela adierazi du, baina "erasoarekin jarraitzeak sufrimendua luzatuko du".
Bestalde, Hamasek Israelek Gazara janaria, hornidura eta laguntza humanitarioari ezarritako "blokeoa hausteko" deia egin du gaur. Izan ere, Palestinako bost biztanletik bat gosez hiltzeko arriskuan dago, nazioarteko txosten baten arabera.
Palestinako erresistentzia mugimenduak salatu duenez, Israelek ezarritako "etengabeko blokeoak", 70 egun baino gehiago bete dituenak, "Gazako Zerrendan gosetea eta hondamendi humanitarioa sortzeko asmoa du".
Israelek erasoak hasi zituenetik une kritikoenetako batean dago palestinarren herria, eta dagoeneko 52.862 pertsona hil eta 119.554 baino gehiago zauritu ditu, Gazako Osasun Ministerioak gaur argitaratutako azken balantzearen arabera.