Israelgo Armadak gutxienez 33 pertsona hil ditu, tartean kazetari bat, Gaza Hiriko hondartzaren ondoan
Israelgo ehiza-hegazkinek Al Baqa kafetegiari eraso diote, eta berriz ere sarraskia eragin dute. Ismail Abu Hataben heriotzarekin, 228 kazetari hil ditu dagoeneko Israelek Gazaren aurkako erasoaldi militarra abiatu zuenetik.
Al Baqa kafetegia, Gaza Hirian, hondartzaren ondoan. Argazkia: EFE
Israelek gutxienez 33 palestinar hil ditu, tartean Ismail Abu Hatab kazetaria, Gazako mendebaldean egindako aire eraso batean, osasun iturriek jakitera eman dutenez.
Konkretuki, Israelgo ehiza-hegazkinek Al Baqa kafetegiari eraso diote, Gaza Hiriko hondartzaren ondoan, eta berriz ere eragin dute sarraskia. Mustafa Abu Omeira, Hisham Aiman Mansur, Hosam Mansur eta Omar Zeno ekintzailea identifikatu dituzte biktimen artean, Palestinako Sanad albiste agentzia jakinarazi duenez.
Zaurituen artean dozenaka zibil daude, eta kazetari palestinar ezagun bat, Bayan Abu Sultan, Instagramen 250.000 jarraitzaile dituena. Lekukoen arabera, eraikinaren ondoan edateko ura banatzeko zisterna-kamioi bat zegoen aparkatuta, eta dozenaka pertsona, gehienak adingabeak, ilaran zeuden, ontziak betetzeko zain.
Zerrendako Gobernuak erasoa gaitzetsi du, eta Kazetarien Nazioarteko Federazioari, Kazetari Arabiarren Federazioari eta munduko herrialde guztietako prentsa askatasunaren aldeko erakunde guztiei eskatu die berriemaileen aurkako "krimen sistematiko" horiek gaitzesteko.
Nolanahi ere, Israeli, AEBri, Erresuma Batuari, Alemaniari eta Frantziari erantzukizuna egotzi die, "genozidio krimenean parte hartzeagatik".
Abu Hataben heriotzarekin, 228 kazetari hil ditu dagoeneko Israelek Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldi militarra abiatu zuenetik.
Abu Sultan odoletan, baina bizirik
Bayan Abu Sultan kazetari palestinarra Israelek Gazan prentsaren aurka egindako erasoen irudi bihurtu da gaur: Gaza Hiriko hondartzan atseden-gune horren aurkako bonbardaketatik bizirik atera da, eta bere argazki bat zabadu da sareetan, odoletan zegoela.
Irudian, kazetari independente gisa lan egiten duen eta X sare sozialean 100.000 jarraitzaile baino gehiago dituen gaztea ageri da, aurpegia eta sorbalda odolez beteta dituela, erasotik bizirik atera ondoren.
Unibertsitateko ikasle asko ere bertan ziren erasoaren unean, Interneteko konexioa aprobetxatzeko hurbiltzen baitira inguru horretara, Mohamed Abu Selmiyeh Al Xifa ospitaleko zuzendariak azaldu duenez.
Duela bi egun, ekainaren 28an, Abu Sultanek X sare sozialean idatzi zuen: "Hiltzen garenean, ez gara arrotz sentituko. Alderantziz, etxekotasunak bahituko gaitu jadanik abiatu diren gure senide guztiekin topo egitean. Zenbat daude han? Zenbat geratzen dira hemen?"
Iazko martxoan, kazetari eta influencerra albisteen protagonista bilakatu zen honakoa txiokatu eta egun batzuetara desagertu zenean: "Israelgo indarrek nire anaia bakarra hil dute nire begien aurrean".
Mezu hori argitaratu eta hamar egunera, hainbat kazetarik haren kokapenari buruzko informazioa eskatzeko egindako deien ondoren, Abu Sultanek berak X sare sozialean zabaldu zuen mezua: "Bizirik atera naiz", idatzi zuen.