Ukrainaren aireko gaitasunak indartzeko akordioa itxi du Zelenskik Trumpekin, AEBk Patriot misilen bidalketa bertan behera utzi ostean
"Elkarrekin lan egingo dugu gure zeruaren babesa indartzeko", esan du Ukrainako presidenteak AEBkoarekin telefonoz hitz egin ostean.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak iragarri du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin akordioa itxi duela Ukrainako aireko gaitasunak indartzeko, AEBk bertan behera utzi ostean Ukrainak erabiltzen duen hegazkinen aurkako sistemarako misilen eta beste laguntza militar batzuen bidalketa.
"Aire-defentsako aukerez hitz egin dugu, eta adostu dugu elkarrekin lan egingo dugula gure zeruaren babesa indartzeko", esan du Zelenskik Trumpekin telefonoz hitz egin ostean.
Zelenskik prest agertu da AEBrekin elkarlanean hasteko, bi herrialdeen arteko "defentsa-industriaren gaitasunak eta ekoizpen bateratua" indartzeko.
"Armamentua salerosteaz eta inbertsioak egiteaz ere aritu gara", argitaratu du Ukrainako presidenteak sareetan. Joe Biden AEBko aurreko presidentearen eskutik doan jasotzen zuen armamentua Europako diruarekin erosteko eskatu dio Zelenskik Trumpi, eta erantzunaren zain jarraitzen du.
Gainera, Ukrainako presidenteak adierazi du "sarraskiei amaiera emateko eta bake justu, iraunkor eta duina berrezartzeko ahalegin guztiak" babesten dituela.
Trumpek Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin zuen ostegunean, eta "atsekabetuta" agertu zen ondoren, bakerako aurrerapausorik ez zelako izan.