Gazako lurraldearen ia % 90 Israelen kontrolpean edo desplazamendu-agindupean dago
Israelgo tankeek Deir al Balah hiriko Al Baraka auzoari eraso egin diote, Armada sionistak Gazako erdialdean hiri horren aurka egiten duen lehen lurreko erasoaldiari ekiteko. Dagoeneko 59.000 pertsona baino gehiago hil dituzte Zerrendan. Igandean, 100 pertsona baino gehiago hil eta 1000 inguru zauritu zituen Israelek.
Gazako Zerrendaren % 87,8 nahitaezko desplazamendu-aginduen mende dago, edo Israelgo Armadaren eremu militarizatu bihurtu da, Gai Humanitarioak Koordinatzeko NBEren Bulegoak (OCHA, ingelesezko sigletan) astelehen honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez. "Horrek 2,1 milioi zibil Zerrendaren % 12ko eremu mugatuan harrapatuta uzten ditu, eta funtsezko zerbitzuak kolapsatu egin dira", deitoratu du erakundeak.
Gainera, Israelgo Armadako tankeek Deir al Balah hiriko Al Baraka auzoari eraso egin diote, eta indar armatuek auzoa husteko agindua eman dute, Israelek Gazako erdialdean hiri horren aurka egiten duen lehen lurreko erasoaldiari ekiteko.
Igandean, Israelek Deir al Balahko hego-mendebaldearen aurkako nahitaezko desplazamendu aginduak agindu zituen, oraindik lurreko operaziorik jasan ez zuen inguruan. Beren etxetik alde egin behar izan duten desplazatu askoren babesleku eta nazioarteko hainbat erakunderentzako operazio-gune bihurtu zen gunea.
Erakundeak jakitera eman duenez, 30.000 pertsona inguru daude hiri garrantzitsu horretara babesleku gisa jo zutenak, eta desplazatuentzako bereziki egokitutako 57 gunetan banatzen zirenak.
Ihesean doazenek Al Mawasi hirira (hegoaldera) egiten dute, eta han dagoeneko 425.000 pertsona inguru daude, nahiz eta Israelgo Armadak ia egunero bonbardaketak egiten dituen.
Erabat suntsituta geratzen ari den Gazako Zerrendan 59.000 hildako baino gehiago zenbatu dituzte dagoeneko, Israelek bonbardaketak hasi zituenetik. Igande honetan, ehun pertsona baino gehiago hil dituzte Israelek egindako bonbardaketetan, eta mila pertsona baino gehiago zauritu, Palestinako osasun agintarien arabera.
Bitartean, 25 estatutako Atzerri ministroek eta Europar Batasuneko (EB) komisario batek ohar bateratu bat igorri dute gaur, Israelgo Gobernuari Gazako erasoaldia amaitzea eta laguntza humanitarioaren murrizketak bertan behera uztea eskatzeko, baina estatu sionistaren aurkako inolako neurririk planteatu gabe jarraitzen dute. Israelek berehala errefusatu du agiri bateratu hori.