EBk eta AEBk % 15eko muga-zergak jasoko dituen akordio baterantz aurrerapausoak eman dituzte
Iturri diplomatikoek azaldu dutenez, Japoniako eta Ameriketako Estatu Batuetako itunak "nolabaiteko giroa, burbuila efektua" sortu du, negoziatzen ari direlako eta akordioa "gertuago dagoela ematen duelako". Nolanahi ere, "zuhur" jokatu behar dela onartu dute.
Europar Batasunak (EB) eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) EBko produktuei % 15eko muga-zerga ezartzeko akordioa ixteko jarrerak hurbildu dituzte, Europako iturri diplomatikoek gaurjakitera eman dutenez.
Muga-zergak autoei ere aplika dakizkieke, eta AEBk Japoniarekin itxitako akordioaren antzekoa izango litzateke.
Iturriek ziurtatu dutenez, "itxura guztien arabera" Brusela eta Washington "gertuago" daude akordio batetik, Washingtonek Japoniarekin itxitako akordioak sortutako "giroaren" ostean.
Edonola ere, azpimarratu dute azken erabakia Donald Trump AEBko presidentearen esku dagoela, eta, beraz, 27 estatu kideek badaezpada kontraneurriak prestatzen jarraitzen dutela.
Iturri diplomatikoek onartu dutenez, AEBren eta Japoniaren arteko itunaren iragarpenak "kitzikatu" egin du Washingtonen eta Bruselaren arteko negoziazioa, eta akordioa "laster irits daiteke".
Japoniako eta Ameriketako Estatu Batuetako itunak "nolabaiteko giroa, burbuila efektua" sortu duela errepikatu dute, negoziatzen ari direlako eta "gertuago dagoela ematen duelako". Nolanahi ere, "zuhur" jokatu behar dela onartu dute.
Gaur goizean, Europako Batzordeak adierazi du errepresaliak, azkenean, Ameriketako Estatu Batuekin akordio bat ixten ez bada hartu behar badira, ez liratekeela abuztuaren 7ra arte indarrean sartuko.
Donald Trump AEBko presidenteak duela bi aste iragarri zuen EBtik datozen produktuei % 30eko muga-zergak ezarriko dizkiela abuztuaren 1etik aurrera, eta Europar Batasuneko Gobernuak 72.000 milioiko bigarren errepresalia sorta bat helarazi zien estatu kideei.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gaur adierazi duenez, berak, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak eta Europako gainerako agintariek ahalik eta muga-zerga txikienak izatea nahi dute.