Von der Leyen eta Trump igande honetan bilduko dira Eskozian, AEBk muga-zergak inposatzeko ultimatuma amaitzear dagoenean
Gainera, bileran bi buruzagiek "merkataritza harremanak eta horiek indartzeko moduak" eztabaidatuko dituztela azaldu du Europako Batzordeak.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Donald Trump AEBko presidentearekin bilduko da igande honetan Eskozian, abuztuaren 1ean Europako produktuen gaineko muga-zergak ezarri baino lehen, AEBko agintariak emandako ultimatuma amaitzeko egun gutxi falta direnean.
Von der Leyenek telefono dei "on" baten ostean itxi zuen bilera Trumpekin, Batzordeko presidenteak X kontuan argitaratutako oharrean azaldu zuenez. Bertan, bi buruzagiek "merkataritza harremanak eta horiek indartzeko moduak" eztabaidatuko dituztela azaldu zuen.
Eskoziara abiatu aurretik, Trumpek ostiralean adierazi zuen Europar Batasunak oso aukera aprobetxagarria duela akordioa lortzeko abuztuaren 1eko epemuga baino lehen.
"Europar Batasunak akordio bat lortzeko aukera oso ona duela uste dut", adierazi zuen Trumpek prentsaurrekoan, Eskoziara abiatu aurretik. "Diru asko dago jokoan, diru asko", azpimarratu zuen AEBko presidenteak.
Horrekin batera, Olof Gill Europar Batasuneko Merkataritza bozeramaileak joan den ostegunean nabarmendu zuen "gertu" ikusten zuela akordioa, "egunero aurrera eramaten ari diren negoziazio tekniko eta politikoetan" murgilduta.