EBJAk Italiari ohartarazi dio herrialde bat segurutzat jotzeko kontrol judiziala eta informazio eskuragarriaren bermeak behar direla
Europako herrialde batek asilo-eskaera bati uko egiten dionean pertsona hori "herrialde seguru" batetik datorrela argudiatuta, erabakia epaile batek berrikusi ahal izango du, eta kaltetutako pertsonak eskuragarri izan behar duen informazio argian oinarritu beharko da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) ostiral honetan emandako epai baten arabera.
Mediterraneoan erreskatatu zuten Bangladeshko migratzaile baten ingurukoa da auzia. Izan ere, Italiako agintariek Albaniako barneratze-zentro batera eraman zuten. Han, asiloa ukatu zioten, Italiak Bangladesh herrialde segurua dela uste duelako, eta, beraz, ez zegoelako arrazoirik nazioarteko babesa emateko.
Orain, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ohartarazi du jarduteko modu hori ezin dela automatikoa izan: nahitaezkoa da kontrol judizial eraginkor bat egotea eta migratzaileak bere herrialdearen sailkapen hori "seguru" gisa justifikatzen duen informazioa eskura izatea.
Halaber, epaiak azpimarraten du ezin dela herrialde bat jatorrizko herrialde seguruen zerrendan sartu, biztanleria osoari babes nahikoa eskaintzen ez bazaio. Testuinguru horretan, Europak gogorarazi du herritar guztiei bermatu behar zaiela babes-maila, eta, beraz, ezingo dela segurutzat jo, baldin eta ez baditu betetzen pertsona-kategoria jakin batzuetarako halakotzat hartzeko irizpideak.
Melonik bere eskumenak gainditzea leporatu dio EBJAri
Testuinguru horretan, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak kritikatu du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabaki "harrigarria". Bere iritziz, Europako jurisdizkioak "hari ez dagozkion eskubideak" eskatzen dituela esan nahi du epai horrek.
Meloniren ustez, "guztiok kezkatu beharko ginateke"; izan ere, "are gehiago murrizten du gobernuek eta parlamentuek migrazioa arautzeko eta administratzeko duten aukera mugatua", eta erabakiak, oro har, "ahuldu egiten ditu legez kanpoko immigrazio masiboari aurre egiteko eta muga nazionalak babesteko politikak".
Meloniren arabera, "nabarmena" da hori gertatzea Immigrazioari eta Asiloari buruzko EBko Ituna indarrean sartu baino hilabete batzuk lehenago; araudi berri horrek herrialde horiek identifikatzeko irizpideak gogortzen ditu eta.
Italiako Gobernuak Mediterraneo erdialdean atzemandako etorkinak kanporatzeko bi zentro finantzatzen ditu, asilo eskubiderik gabe. Italiako "herrialde seguruen" zerrendan Egipto, Bangladesh eta Tunisia daude, nahiz eta Giza Eskubideen aldeko talde batzuek gutxiengo batzuen aurkako abusuak dokumentatu dituzten.