Trumpek Armada zabalduko du Washingtonen, eta Poliziaren kontrola bereganatu du
Agintari errepublikanoak krimenengatik kontroletik kanpo dagoen hiriburu baten irudia marraztu du Etxe Zurian egindako agerraldian. Hilketak "munduko okerrenak" diren lekuetan, Bogotan eta Mexiko Hirian, esaterako, baino askoz gehiago direla adierazi du.
Washington hiriburuko Poliziaren ibilgailuak. Argazkia: EFE
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak gaur iragarri duenez, Washington D.C.ko Poliziaren kontrol federala hartuko du, eta Guardia Nazionaleko 800 soldadu jarriko ditu kaleetan, "segurtasun ezagatik kontroletik kanpo" dagoela argudiatuta.
Etxe Zuriko prentsa aretotik, Trumpek krimenengatik kontroletik kanpo AEBko hiriburu baten irudia marraztu du, esanez hilketak askoz ere gehiago direla "munduko okerrenak" diren lekuetan baino, hala nola, Bogotan eta Mexiko Hirian.
Presidenteak Columbiako Barrutiko Autonomia Legearen (Home Rule Act) 740. sekzioa aldarrikatu du, segurtasun publikoko larrialdia ezarri ondoren, hiriburuko polizia Gobernu federalaren agindupean jartzeko eta Guardia Nazionala zabaltzeko, hiriburuko "ordena publikoa eta segurtasuna berrezartzeko".
Donald Trump, AEB-ko presidentea
Gure hiriburua talde biolento, kriminal, maniako eta arloteen erasopean dago, eta hori ezin da onartu
"Gure hiriburua talde biolento, kriminal, maniako eta arloteen erasopean dago, eta hori ezin da onartu", adierazi du agintariak, eta hiriburua "azkar" garbituko dutela erantsi du.
Hala ere, legea Columbia barrutiko poliziaren gainean 48 orduz kontrol federala ezartzeeko pentsatuta dago, eta kontrol hori gehienez 30 egunez luzatzea ahalbidetzen du, Kongresuari jakinarazi ondoren.
Errepublikanoa ustez 2024ko hilketa-tasa jasotzen duten grafiko batzuetan oinarritu da erabakia hartzeko. Grafiko horietan ikusten denez, Washington da sailkapenaren buruan – 100.000 biztanleko 27,54 –, Bogotaren kopurua ia bikoizten du (100.000ko 15,1), eta beste hiriburu batzuen aurretik dago, hala nola Mexiko Hiria, Islamabad, Lima, Ottawa, Paris edo Habana.
Trumpek esan du espero duela beste hiri batzuk "beren kabuz garbitzea", eta hiriburuan egiten ari direna ikustea. Ondoren, alderdi demokratak gobernatzen dituen herrialdeko hiri handiakaipatu ditu. "New Yorkera begira nago ", esan du presidenteak, eta Chicagon gauza bera egin dezakeela gaineratu du.
Muriel Bowser, Washingtongo alkatea
Ez dut esandakoa arinduko, eta ez dut gure autonomiaren urraketari garrantzia kenduko
Bestalde, Muriel Bowser Washingtongo alkateak adierazi du Trumpek badakiela hiriburuak kriminalitatearen alorrean eman dituen aurrerapausoen berri. "Ez dut esandakoa arinduko, eta ez dut gure autonomiaren urraketari garrantzia kenduko", adierazi du Bowserrek prentsaurreko batean.
AEBko hiriburuko alkateak gaineratu du Trumpekin izaten duen "elkarrizketa bakoitzean" krimen gaietan izandako hobekuntzen berri ematen diola, eta presidenteak homizidio kopuruaren murrizketaren berri duela.