Eskuinera biratu du Boliviak: Paz eta Quiroga presidentegaiak lehiatuko dira urriko bigarren itzulian
Ezustean, Alderdi Demokristauaren hautagaiak lortu du garaipena presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, Quiroga presidente ohi kontserbadorearen aurretik. Halaber, 20 urtez gobernatu duen ezkerreko MAS alderdia bigarren itzulitik kanpo gelditu da.
Rodrigo Paz oposizioko hautagaia nagusitu da, ezustean, Boliviako presidentea aukeratzeko igande honetan egin diren hauteskundeen lehen itzulian, eta Jorge Quiroga presidente ohi kontserbadorearekin lehiatuko da bigarren itzulian, botoen % 92 zenbatuta. Halaber, 20 urtez agintean egon den ezkerreko MAS alderdia bigarren itzulitik kanpo gelditu da.
Hauteskunde Auzitegi Gorenak zabaldutako datuen arabera, Alderdi Demokristauaren hautagaia den Rodrigo Pazek botoen % 32 eskuratu du, Jorge Quiroga presidente ohiari aurrea hartuta (% 27).
Hirugarren tokian gelditu da, botoen % 20 baino gehiagorekin, Samuel Doria zentro-eskuineko politikaria, eta dagoeneko iragarri du lehen itzulian irabazle izan dena babestuko duela urriaren 19an egingo den bigarren itzulian.
Gauzak horrela, boterean kasik hogei urte egon ondoren, Sozialismorako Mugimendua (MAS) hondoratu egin da, ia desagertzeraino. Izan ere, Luis Arce presidenteak babestutako Eduardo del Castillo presidentegaiak botoen % 3 eskuratu du.
Evo Morales ezkerreko presidente ohiak ez du hauteskundeetan parte hartu, ezin zuelako, eta horregatik boto baliogabea eskatu du.