Gutxienez 18 hildako eta dozenaka zauritu Kolonbian izandako bi atentatutan
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak FARCeko talde disidenteetako bati —Erdialdeko Estatu Nagusia (EMC)— leporatu dio atentatuen erantzukizuna. Halaber, iragarri du talde hori talde terroristen zerrendan sartuko duela.
Kolonbian, gutxienez 18 pertsona hil eta dozenaka zauritu dira, ostegun honetan Poliziaren helikoptero baten eta eskola militar baten aurka izandako bi atentatutan. Gustavo Petro presidenteak Erdialdeko Estatu Nagusia (EMC) taldeari —FARCen talde disidente nagusia— leporatu dio atentatuen erantzukizuna.
Lehen erasoa Antioquia departamenduan gertatu da, herrialdearen ipar-mendebaldean. Erasoan, narkotrafikoaren aurka aritzen diren 12 polizia hil dituzte, horiek zeramatzan helikoptero baten aurka eginda.
Ordu batzuk geroago, Calin, lehergaiz betetako kamioi bat leherrarazi dute Kolonbiako Aire Armadako eskola baten inguruan. Eraso horretan, sei pertsona hil eta 65 zauritu dira, guztiak zibilak, Alkatetzak egindako azken balantzearen arabera.
Caliko erasoari lotuta, FARCen disidentea omen den gizon bat atxilotu dutela baieztatu dute agintariek.
Gustavo Petro presidenteak iragarri du Erdialdeko Estatu Nagusia (EMC) taldea —FARCen talde disidente nagusia— talde terroristen zerrendan sartuko duela Segunda Marquetalia talde disidentearekin batera.
Kolonbiako Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoak bi atentatuak gaitzetsi ditu X sare sozialean argitaratutako mezu batean.