AEBk Venezuelatik ateratako bigarren ontzi bati eraso egin dio, droga zeramala argudiatuta
Donald Trumpek jakinarazi duenez, kokaina eta fentaniloa zeraman ontziak eta erasoan barruan zihoazen hiru pertsona hil dira. Bestalde, Nicolas Madurok nabarmendu du herrialdea "borroka armaturako" prestatuago dagoela AEBk Venezuelari eraso egiten badio.
Donald Trump AEBko presidenteak astelehen honetan jakinarazi duenez, bere herrialdeak ustez drogaz beteta Venezuelatik ateratako ontzi bati eraso egin dio Karibe itsasoan. Denbora gutxian AEBk Karibe itsasoan egiten duten bigarren erasoa da.
"Gaur goizean, nire agindupean, Estatu Batuetako Indar Militarrek bigarren eraso bat egin dute narkotrafikoko kartelen eta identifikatutako narkoterroristen aurka, Hegoaldeko Komandoaren ardurapeko eremuan", zehaztu du agintariak Truth Social plataforman.
Trumpen arabera, ontzia nazioarteko uretan zegoen ontzia eta, erasoan, hiru "terrorista" venezuelar hil dira.
Ondoren Bulego Obalean egindako adierazpenetan, Trumpek adierazi du operazioaren bideoak erakusten duela ontziak kokaina eta fentaniloa bezalako droga zeramatzala.
Bestalde, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak bere herrialdea "borroka armatu" baterako "prestatuago" dagoela adierazi du, baldin eta AEBk eraso egiten badio. Narkotrafikoari aurre egitea aitzakia gisa hartuta, jardun militarra martxan du AEBk. Dena den, Venezuelan "erregimen aldaketa" bultzatzeko aitzakia bat baino ez dela uste du Madurok.
Eraso horren aurrean, Venezuelak "defentsarako eskubide legitimoa" duela aldarrikatu du Madurok.