Trumpek igandera arte eman dio Hamasi Gazarako plana onartzeko, edo "inoiz ikusi ez den infernua piztuko da"
Donald Trump eta Benjamin Netanyahu. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidenteak esan du Hamasek igandera arte duela errepublikanoak Gazako Zerrendarako proposatutako bake plana onartzeko, edo "inoiz ikusi ez den infernua piztuko da". Zehazki, Washingtongo 18:00etan (22:00 GMT) amaitutzat emango du epea. Hamasek parte hartuko ez lukeen trantsizio-gobernu bat aurreikusten du, Trump bera buru izango lukeen batzorde batek gainbegiratuta.
Trumpek astelehenean aurkeztu zuen 20 puntuko proposamena, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak onartuko zukeena. Gerra berehala amaitzea eta bahituak askatzea aurreikusten du, besteak beste. Horrez gain, agintari estatubatuarrak eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak gainbegiratuko luketen Gazarako trantsizio gobernu bat eratzea proposatzen du.
"Hamasekin akordio batera iritsi behar da Washingtongo 18:00ak baino lehen. Herrialde guztiek sinatu dute! Azken aukerako akordio hori lortzen ez bada, infernua piztuko da, aurretik inork ikusi ez duen bezala, Hamasen aurka", idatzi du ostiral honetan Trumpek Truth Social sare sozialean.
AEBko presidentearen arabera, Hamaseko miliziano gehienak "inguratuta eta militarki harrapatuta daude", exekutatzeko agindua noiz emango zain.
Testuinguru horretan, Hamaseko kideak dauden eremuetako biztanleei eskatu die "heriotza potentzialeko eremu hori berehala uzteko eta Gazako eremu seguruagoetara jotzeko".
Hala, Trumpek dio Hamasek "azken aukera" duela Washingtonen plana onartzeko, "Ekialde Ertaineko nazio handi, boteretsu eta aberatsek onartu baitute dagoeneko".
Akordioaren arabera, 3.000 urteren ondoren bakea ekarriko du eskualdera, eta "Hamaseko gainerako borrokalari guztien bizia barkatzen du".
Beraz, plana onartzeko eta bahituak askatzeko eskatu die, "hildakoen gorpuak barne".
Mohammed Nazzal Hamaseko bulego politikoko kideak Al Jazeera telebista katean adierazi duenez, taldeak "laster" erantzungo dio AEBko presidentearen proposamenari.
Planak Zerrendaren desmilitarizazioa eta etorkizunean Estatu palestinar bat negoziatzeko aukera ere aurreikusten ditu, baina Netanyahuk baztertu egin du hori.