Israelgo Gobernuak akordioa onartzen duenean sartuko da indarrean Gazako su-etena
Israelek eta Hamasek akordioa lortu dute Gazako bake planaren lehen faserako. Trumpek proposatutako planaren lehen fasea aurrera eramatea adostu dute bi aldeek, Egipton lau eguneko zeharkako negoziazioen ostean, herrialde bitartekarien bitartez (Qatar, Egipto, Turkia eta AEB).
Ospakizunak Gazan eta Israelen, akordioaren berri izan eta gero.
Gakoak
Mikel Reparaz: "Su-etena albiste ona da, baina inkognita asko daude oraindik"
Kremlinek Gazari buruzko akordioa begi-onez ikusten du, baina sinatu arte itxaroteko deia egin du.
"Zalantzarik gabe, ahalegin horiek babesten ditugu. Gazan su-etena baieztatzea denentzako da pozgarria", esan du Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak. Ildo horretan, ahalegin guztiak "ongietorriaK" direla azpimarratu du.
Hala ere, zuhur agertu da, eta akordioa sinatu arte itxaron behar dela ziurtatu du. "Gaur bertan sinatzea eta gero lortutako akordioak ezartzeko neurriak hartzea espero dugu", laburbildu du.
Behin Israelgo Gobernuak akordioa onartzen duenean sartuko da indarrean Gazako su-etena
Israelgo Gobernuak ostegun arratsaldean kabinetean Israelek eta Hamasek Egipton goizaldean lortutako akordioa onartzen duenean sartuko da indarrean Gazako Zerrendako su-etena. Horrela, akordioa Benjamin Netanyahuren Gobernuaren argi berdea lortzen denean hasiko litzateke eragina izaten. Gaur arratsaldean Jerusalemen bilduko dira Israelgo ministroak.
Jihad Islamikoak adierazi du akordioa "une historikoa" dela, baina azpimarratu du ituna ez dela "inoren oparia".
FPLPk (Palestina Askatzeko Fronte Popularra) adierazi duenez, ituna "Gazaren eta herri palestinarraren erresistentzia mitikoaren emaitza da". Atzerriko tutoretza errefusatzen dutela gogorarazi dute, eta Gazako administrazioak "palestinarra" izan behar duela esan dute, "berreraikuntzan eta susperraldian arabiarren eta nazioartearen parte-hartzearekin", esan du.
Europako agintariek pozarren hartu dute albistea
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi du bere herrialdeak nazioarteko kideekin hitz egiten jarraituko duela gerrari irtenbide politiko bat bilatzeko. "Akordio horrek gerraren amaiera eta bi estaturen konponbidean oinarritutako irtenbide politikoaren hasiera markatu behar ditu", adierazi du Macronek X.n.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak akordioa "bake justu eta iraunkor baten hasiera" izatea espero duela adierazi du. "Orain hitz egitea, biztanleria zibilari laguntzea eta etorkizunari begiratzea dagokigu. Itxaropenez. Baina baita justiziaz eta memoriaz ere. Bizitako ankerkeriak berriro gerta ez daitezen. ", esan du.
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren hitzetan, iragarpena "sekulako albistea" da. Trumpi eskerrak eman dizkio "Gazako gatazkari amaiera emateko egindako saiakera nekaezinagatik", baita bitartekariei ere. Ziurtatu duenez, "Italiak bitartekarien ahaleginak babesten jarraituko du, eta Gaza egonkortzen, berreraikitzen eta garatzen laguntzeko prest dago".
Friedrich Merz Alemaniako lehen ministroak "pozgarritzat" jo ditu akordiorako lehen urratsak, "itxaropen berri bat eskaintzen dute: bahituentzat eta haien familientzat, Gazako jendearentzat eta eskualde osoarentzat". X-n honako hau gaineratu du: "Alde guztiei eskatzen diegu emandako hitza bete dezatela, gerrari amaiera eman diezaiotela eta bake iraunkorra lortzeko bidea erraztu dezatela. Alemaniak prozesu hau irmoki babesten jarraituko du ".
Israelgo Gobernua gaur arratsaldean bilduko da Gazarako bake plana onartzeko
Benjamin Netanyahuren Israelgo Gobernua ostegun arratsaldean bilduko da Israelek eta Hamasek Egipton goizaldean sinatu duten Gazarako bake planari oniritzia emateko.
Gertuko iturrien arabera, Segurtasun Kabinetearen lehen bilera 17:00etan izango da (16:00etan Euskal Herrian). Defentsa, segurtasun, kanpo eta justizia gaietan giltzarri diren ministroek osatzen dute organo hori, eta Gazako erasoaldian eman beharreko pausoei buruz erabakitzen du.
Ordubete geroago, 18:00etan (17:00ak Euskal Herrian), Israelgo Gobernuaren Kabinetea bilduko da, Netanyahuren Gobernuko ministro guztiak biltzen dituena, akordioa berresteko.
Ospakizunak Gazan eta Tel Aviven, Israelek eta Hamasek hitzartutako akordioagatik
Khan Yuniseko gazatarrak kalera atera dira Israelek eta Hamasek ostegun honetan lortutako akordioaren lehen fasea ospatzera. Bestalde, akordioa lehenbailehen onartzeko eskatu diote bahitu israeldarren familiek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, "bahituentzat eta soldaduentzat ondorio larriak" saihestu aldera.
NBE prest dago Gazari laguntza "behar den eskalan" ematen hasteko
Tom Fletcher Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioen buruak ostegun honetan ziurtatu duenez, nazioarteko erakundeko taldeak "erabat mobilizatuta daude" laguntza humanitarioa "beharrezko eskalan" ematen hasteko.
Poza nagusi Gazan, albistea jakin berritan
Albistea ezagutu bezain pronto, ospakizunek hartu dituzte Gazako kaleak
Erreakzioak
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak akordioa baloratu du, eta "Jainkoaren laguntzarekin" bahitu guztiak etxera ekarriko dituztela adierazi du. Hamasen esku jarraitzen duten 48 bahituetatik 20 inguru bizirik daudela uste dute.
Bahituen senideek "emozio handiz" eta "kezkaz" jaso dute albistea, eta akordioa lehenbailehen onartzea eskatu diote gobernuari.
Hamasen esanetan, gerraren amaiera ekarriko du akordioak, hori bai, bermeak eskatu ditu Israelek erasoak eten ditzan, eta tropak Gazatik ateratzeaz gain, giza laguntza sar dadila utz dezan.
Nazio Batuen Erakundeak txalotu egin du akordioa, eta aldeei adostutakoa betetzeko dei egin die Antonio Guterres idazkari nagusiak.
Negoziazioek eman dute fruitua
Lau egunez negoziazioetan aritu ondoren lortu dute akordioa, bitartekarien bidez, Egipton. Israel eta Hamas ez ezik, Qatar, Egipto, Turkia eta Ameriketako Estatu Batuak parte hartzen ari dira negoziazioetan.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak egin du iragarpena sare sozialetan, eta Hamasek, Israelek eta Qatarrek eman dute akordioaren berri.
Israelek eta Hamasek akordioa lortu dute Gazarako bake-planaren lehen faseari buruz
Israelgo Gobernuak eta Hamasek Gazarako bake-planaren lehen fasea adostu dute ostegun goizaldean. Akordioaren arabera, Hamasek bahituak askatuko ditu Israelek 1.950 preso palestinar inguru libre uztearen truke, eta Israelen tropak adostutako eremuraino erretiratuko dira, Gazako Zerrendatik irten gabe.