Macronek asteburua baino lehen izendatu beharko du lehen ministro berria
Asteazken honetan France 2 telebista kate publikoan egindako elkarrizketa batean Sebastien Lecornu Frantziako jarduneko lehen ministroak adierazi zuen bere "misioa bukatutzat" ematen zuela. Macron aroko seigarren lehen ministroa izendatu beharko du.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak lehen ministro berria izendatuko du bi egun baino gutxiagoko epean, Sebastien Lecornuk dimisioa eman baitu.
Asteazken gau honetan, Sebastien Lecornu Frantziako jarduneko lehen ministroak karguan jarraitzeari buruzko zalantzak argitu zituen France 2 telebista kate publikoan egindako elkarrizketa batean. Bertan, bere "misioa amaitutzat" ematen zuela adierazi zuen. Hala ere, Frantziako Parlamentuaren gehiengoa ganbera desegitearen aurka dagoela adierazi zuen, eta horregatik, Macroni aholkatu zion gobernuburu berria 48 orduko epean izendatzea.
Iragarri berritan, ia gauerdian, Eliseoak jakinarazi zuen Macronek Lecornuren gomendioari jarraituko ziola eta asteburua baino lehen izendatuko duela lehen ministro berria. Macronek aroko seigarren lehen ministroa izendatuko du.
Irailaren 9an iritsi zen Lecornu lehen ministro kargura, eta astelehenean dimisioa aurkeztu zuen, Gobernua aurkezteko ordu gutxi falta zirela. Macron presidenteak eskatuta, bilera erronda bat egin zuen alderdi politikoekin, egonkortasun itun baten bila.
Bilerak amaitu ostean, arratsaldeko azken orduan, Eliseora joan zen presidenteari kontuak ematera, eta France 2 irrati katean azaldu zuenez, Macroni esan zion "Parlamentua desegiteko aukera urruntzen" ari zela, eta uste zuela "egungo egoerak aukera ematen diola presidenteari hurrengo 48 orduetan lehen ministro bat izendatzeko".
Pentsioak, oztoporik handiena
Jarduneko lehen ministroaren ustez, Emmanuel Macron presidentearen pentsioen erreforma eztabaidagarria da gobernu berria osatzeko negoziazioen blokeo puntu handienetako bat. Ziurtatu duenez, erreforma etetea 3.000 milioi euro kostatuko litzaioke Frantziako Altxorrari 2027an.
Era berean, urte amaierarako aurrekonturik ez izateak herrialdeari "ondorio latzak" ekarriko lizkiokeela azaldu zuen.