Hamasek entregatutako azken bi gorpuak identifikatu ditu jada Israelek
Talde palestinarrak Gurutze Gorriaren esku utzi ditu bi gorpuak, Gazako Zerrendako hondakinen artean berreskuratu ostean. Hamasek ohartarazi zuen ez zituela gorpu guztiak, eta, beraz, ezingo zituela berehala entregatu.
Gurutze Gorriak Khan Yunisen hartutako irudia. Argazkia: Europa Press.
Hamas talde palestinarrak bezperan entregatutako bi gorpuen identitatea baieztatu dute Israelgo agintariek: Ronen Tommy Engel israeldarra eta Suntaya Akrasi thailandiarra dira.
Israelgo Armadaren arabera, "Hamaseko terroristek 2023ko urriaren 7an hil zituzten, eta gorpuak bahitu eta Gazako Zerrendara eraman zituzten".
Identifikazio prozesuan, Israelgo Forentseak, Polizia eta militarrak aritu dira. FDIk berretsi duenez, "Hamasek akordioaren bere zatia bete behar du eta ahalegin guztiak egin behar ditu, hildako bahituen gorpuak familiei itzuli eta behar bezala ehortz ditzaten".
Azken horiek kontuan hartuta, Hamasen esku dauden 28 hildakoetatik 11ren gorpuzkiak entregatu dituzte jada; beraz, 15 gorpu daude oraindik Gazako Zerrendan lurperatuta.
Israelen erasoaldia hasi zenetik, 68.000 pertsona hil eta 170.000 baino gehiago zauritu dira Gazan, bertako agintariek emandako datuen arabera. Hildakoen zerrenda, baina, handitzen doa egunero, Gazako hondakinen artean etengabe ari baitira gorpuak aurkitzen.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango