Argentinako hauteskunde legegileetako parte-hartzea azken 40 urteetako baxuena izan da
Mileiren gobernuak duen babesa ezagutzeko test gisa balioko dute Argentinako hauteskunde hauek. Han 21:00etan direnean (asteleheneko 00:00etan Euskal Herrian) hasiko dira ezagutzen boto-zenbaketaren lehen emaitza ofizialak.
Argentinako Kongresuaren osaketa hautatzeko eguna izan dute gaur argentinarrek eta askok Javier Mileiren gobernuaren politikek duten babesa neurtzeko test gisa hartu dituzte hauteskunde hauek.
Argentinan 08:00ak zirenean ireki dituzte hauteslekuak, eta Hauteskunde Zuzendaritza Nazionalak hautestontziak ixtean zabaldutako datu ofizialen arabera, hautesleen % 66 soilik joan da botoa ematera. 1983an demokrazia itzuli zenetik izan den daturik baxuena da hori.
2021eko agintaldi erdiko hauteskundeetakoa baino 5 puntu txikiagoa da datua, eta orduan oraindik indarrean zeuden COVID-19aren pandemiak eragindako murrizketak.
Lehen emaitza ofizialak Argentinan 21:00 direnean ezagutzea espero da (asteleheneko 01:00ak Euskal Herrian).
Gaurko bozketan, probintzietako 24 senatariak aukeratu dituzte; Argentinako hiriburukoak eta Cacho, Entre Rios, Neuquen, Rio Negro, Salta, Santiago del Estero eta Tierra del Fuego probintzietakoak.
Horiekin batera, 24 barrutietako 127 diputatu ere hautatu dituzte.
Mileirentzat testa
Hauteskunde hauek lehen testa izango dira Javier Mileirentzat, egungo errepublikako presidentearentzat, 2023ko amaieran kargua hartu zuenetik.
Mileiren La Libertad Avanza eta fronte peronistaren Fuerza Patria alderdien arteko polarizazio handia dagoenean egingo dituzte hauteskundeak.
Horrenbestez, astelehen goizaldean ezagutuko dugu zer-nolako babesa duen Gobernuak.