Fronte Polisarioak errefusatu egin du NBEren ebazpena, eta "autodeterminazio eskubidea" aldarrikatu du baldintza "negoziaezin" gisa
Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimenduak salatu duenez, "Marokoren okupazioa legitimatu egiten du" autonomia proposamenak.
Tindufeko errefuxiatu sahararren kanpamentua, Aljerian. Argazkia: EFE.
Fronte Polisarioak uko egin dio "autodeterminazio eskubidea" bermatzen ez duen Mendabaldeko Saharako negoziazioetan parte hartzeari.
Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimenduak adierazi duenez, "Marokoren okupazioa legitimatu egiten du" NBEko Segurtasun Kontseiluak onartutako ebazpenak; izan ere, testuak Mendebaldeko Saharako autonomia onartzen du, baina Marokoren subiranotasunaren mende.
"Fronte Polisarioak zalatzen du gatazka larriagotu baino ez dutela egingo zuzenbide estatua, justizia eta bakea epe laburrean interes politikoengatik sakrifikatzea helburu duten alde bakarreko ikuspegiek", esan du mugimendu independentista sahararrak.
Proposamenak "aurretiazko baldintzarik gabeko" negoziazioak babesten ditu, betiere Marokoko autonomia proposamena oinarri hartuta. Aldeko 11 botorekin, 3 abstentziorekin eta kontrako botorik gabe onartu dute; Aljeriak, baina, ez du bozketan parte hartu.
Polisarioak azaldu duenez, ebazpenak "aurrekaririk gabeko desbideratze arriskutsua" bilatzen du, lehen zirriborroak ez baitu "autodeterminazio eskubidea" aipatu ere egiten. Erakundearen arabera, proposamena "gatazka bere alde behin betiko amaitzeko" Marokoren saiakera da.
Hala ere, Fronte Polisarioak adierazi du prest dagoela Marokorekin "bake prozesuan inplikatzeko eta zuzeneko negoziazioak hasteko". Hala ere, "negoziaezina" da, horren arabera, autodeterminazio erreferendum bat egitea.