Zohran Mamdani, New Yorkeko eraberritze aurrerakoia gorpuzteko prest dagoen gizona
34 urterekin, Mamdanik Alderdi Demokratako olatu aurrerakoi, kulturaniztun eta ezkertiar berria irudikatzen du, eta astearte honetako New Yorkeko Alkatetzarako hauteskundeak irabazteko faborito argia da. Bere alderdietako liderren babes argirik ez duen arren, ezkerrera biratu eta izaera sozialeko politika publikoen egarri diren gazteen babesa du.
Momentuko gizona da eta Donald Trumpek berak ere, fokuetatik at, esan du "garaiezina dirudiela". Zohran Mamdani da gizon hori, bere burua sozialdemokratatzat aurkeztu duena eta astearte honetako hauteskundeetan New Yorkeko alkate bihurtzeko faborito argia, Alderdi Demokratako agintari nagusien babes garbirik gabe eta kontrako kanpaina gogorrari aurre eginda.
Ez Donald Trumpen kritikek ez Andrew Cuomo gobernadore ohi eta lehiakide nagusiarenek ere —Alderdi Demokratan ibilbidea luzea du Cuomok, nahiz eta orain independente gisa aurkezten den—, ez dute lortu politikari gaztearen igoera oztopatzea. Izan ere boto-emaile gazteen sostengua du, kanpainaren ardatza izan dena bandera hartuta: etxebizitzaren prezioak jaistea munduko hiririk garestienetako batean.
Inkesten arabera, Mamdanik 15 portzentaje-puntu ateratzen dizkio Cuomori. Hautagai gaztearen jarraitzaileek Alderdi Demokrata kaltetzen duten arazoen erakusle argia da Cuomo: egitura zaharkitua, eliteen gertuko eta eskandaluz josia (Cuomo bera gobernadore kargutik dimitiarazi zuten sexu-eraso akusazioak, kasu).
Berritze aurrerakoiaren ikur
34 urterekin, Mamdani alderdi barruko olatu aurrerakoi, multikultural eta ezkertiar berriaren ikur da, eta askok demokraten immobilismoari nahiz Trumpen MAGA mugimenduari aurre egiteko antidoto gisa ikusten dute. Demokraten primarioetan lortutako garaipenak, zeinetan Cuomo bera garaitu zuen, erakutsi du Mamdanik, musulmana eta aitaren aldetik ugandar jatorrikoa, dardara izpirik gabe aurre egin diola beste edonorentzat saihesteko zaila litzatekeen kritika oldeari.
Fox Newsen egindako elkarrizketa batean, antisemitatzat jotzen zutenak isilarazi zituen, Israelek Gazan egindako erasoaldia “genozidiotzat” jo ondoren, Hamasen erasoak “Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako krimen gisa” ere gaitzesten zituela ziurtatuta.
Nepotismoagatik egindako kritikek — Mira Nair zinemagile indiarraren semea da — eta Trumpen irainek ere — "komunista zorotzat" jo du hark— ez diote bere ospeari eragin. Ultraeskuindarrek deportazioa eskatzeko egindako saiakerek ere, Andy Ogles kongresistak sustatutakoak kasu, bere hautagaitzaren babesa indartu besterik ez dute egin, jarraitzaileek islamofobikotzat jotzen baitituzte eraso horiek.
Analista askoren ustez, Mamdanik AEBko ezkerraren berrikuntza irudikatzen du, Alderdi Demokrata zentrismo tradizionaletik aldentzea helburu duen lidergo gaztea. “Bere garaipenak mezu argia bidaliko dio Trumpi”, adierazi zuen kanpainan Alexandria Ocasio-Cortez biltzarkideak Bronxen egindako ekitaldi batean, eta gaineratu zuen “Izan zen [Trump] Presidentetzara iritsi aurreko egun bat, eta izango da Presidentetza osteko egun bat ere".
Inork ez du orain arte komunitate musulmanarekin konektatu Mamdanik konektatzen duen bezala, bere sinismenak aurretik baitoa: "Jada ez gara itzaletan ezkutatuko", adierazi zuen Bronxeko Kultur Zentro Islamikoan berriki emandako hitzaldian, bere hautagaitzaren dimentsio sinbolikoa azpimarratuz. New Yokertik harago doa, ordea, bere mezua eta AEBko progresismoaren aurpegi berrietako bat bezala sendotzen du.
Joko-zelaiaren egoera eta barne-erresistentziak
Hauteskunde egunera haizea alde duela iritsi da Mamdani, izan ere, Cuomori ez ezik, Curtis Sliwa errepublikanoari ere ateratzen dio abantaila. Azken hori Guardian Angels taldearen sortzailea da eta errepublikanoa izanagatik, kontserbadore moderatu gisa aurkezten du bere burua eta kritikoa da Trumpekin. Estimurik eza elkarrekikoa dela dirudi, izan ere Trumpek Cuomoren aldeko botoa eskatu du, eta ez bere alderdikidearena.
Hala ere, Mamdamiren mendian ez da dena pagotxa eta agintari demokratek errezeloak dituzte hautagaia argi eta garbi babesteko. Hakeem Jeffries Ordezkarien Ganberako alderdiko buruak aipu epel bat egin zion etxebizitza eskuragarriaz alkategaiak aurkeztutako planari, eta Barack Obama bezalako figurek saihestu egin dute haren aldeko babes adierazpen publikorik egitea, nahiz eta alkate bihurtuz gero gero laguntzeko prest agertu diren.
Gobernu-erronkak
Mamdanik hauteskundeak irabazten baditu, munduko zentro ekonomiko eta kultural handienetako bateko alkate bihurtuko da, urtean 115.000 milioi euroko aurrekontuarekin eta 300.000 langile publiko baino gehiagorekin.
Hori bai, Mamdanik bere kanpainaren oinarri izan den etxebizitzaren kostuak murrizteko promesa bete beharko du, eta igo beharreko malda ez da xamurra. Mamdanik alokairua lau urtez izoztuko duela agindu du errenta egonkortua duten etxebizitzen maizter guztientzat, hau da, "merkatuko prezioan" (arautu gabeko alokairuekin) dauden apartamentuak.
Horretarako, ordea, Alokairuen Gidalerroen Batzordearen laguntza beharko du, zeinak alokairu egonkortua duten ia milioi bat apartamentu horietarako alokairu mailak finkatzen dituen. Bederatzi kideko organoa ezingo du, ordea, berehala berritu, txandaka, epeka, aldatzen baitira horiek.
Zure interesekoa izan daiteke
500 milioi haur baino gehiago bizi dira gatazka armatuen eremuetan
Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2024an 520 milioi adingabe baino gehiago bizi ziren gatazka-guneetan. Afrika da eskualde kaltetuena: kontinente horretako haur guztien % 32 indarkeria armatuaren eraginpean bizi dira. 2024an, egunero, batez beste, 78 haur erailketen, bahiketen, sexu-erasoen eta mutilazioen biktima izan ziren, besteak beste.
‘Melissa’ urakanak Jamaikan eragindako suntsipena
Melissa urakanak suntsipena eragin du Jamaika uhartean, eta gutxienez 28 hildako dira jada. Urakanak "aurrekaririk gabeko" hondamendia eragin duela adierazi dute Jamaikako agintariek. Horrela geratu da uhartea, Melissaren astinduaren ondoren.
6,3 graduko lurrikara batek Afganistan iparraldea astindu du
Lurrikararen ondorioz, 27 hildako eta 700 zauritu baino gehiago izan dira, baina bilaketa- eta erreskate-lanek aurrera jarraitzen dute, eta ez da baztertzen datozen orduetan hildakoen kopuruak gora egitea.
Trumpek esan du ez duela uste AEBk Venezuelaren kontrako gerrarik egingo duenik, baina ez du planei buruz hitz egin nahi izan
"Zer erantzun diezaioket horrelako galdera bati? Ba al dago Venezuelan eraso bat egiteko planik? Nork esango luke hori? Halakorik balego, esan egingo nizukeela uste duzue, zintzoki? Bai, planak ditugu. Oso plan sekretuak ditugu", esan du 'Air Force One' hegazkinean. "Begira, ikusiko dugu Venezuelarekin zer gertatzen den", adierazi zuen, eta Venezuelako Gobernuak "milaka pertsona bidali zituen kartzeletatik, erakunde mentaletatik eta mendekotasun zentroetatik".
2007tik aurrera jaiotakoei erretzea debekatu die Maldivetako Gobernuak, horrelako erabaki bat hartu duen lehen herrialdea bihurtuz
Debekua aitzindaria da munduan, eta "ohitura ez osasungarriak desagerraraztea eta belaunaldi osasungarria eraikitzea" du helburu, presidenteak azaldu duenez.
Hamasek beste hiru gorpu entregatu dizkio Israeli
Bestalde, Israelek gazatarren 225 gorpu itzuli ditu, horietako asko abusuen eta torturen zantzuekin.
Poliziak ez du Londres iparraldeko tren batean izandako erasoa terrorismoarekin lotzeko zantzurik sumatu
Britainiarrak dira erasoaren bi egileak, eta "ez du terrorismoarekin zerikusirik", esan du prentsaurrekoan Garraoi Poliziaren buru John Lovelessek. Zauritutako hamar lagunetatik bi egoera kritikoan daude, "hiltzeko arriskuan".
Israelek Hezbollahko buruzagi bat hil du Libano hegoaldean egindako erasoetan
Gainera, Israelgo indarrek erasoak areagotzeko mehatxua egin dute, Beiruti milizia xiitaren armagabetzean porrot egin izana leporatu ostean.
Egiptok badu bere museo ‘faraonikoa’
Hainbat urtez atzeratu ostean, eta 20 urteko lanen ondoren, gaur zabaldu ditu ateak Egiptoko ikono kultural berriak. Mila milioi dolarreko kostua izan du, eta gainkostu eta arazo politikoak tarteko, asko atzeratu da. Azken egunotan ahoz aho dabilen Pariseko Louvre museoaren bikoitza da tamainaz, 500.000 metro kuadro ditu. Bertan aurkitu daitezkeen altxorren artean, Tutankamon faraoiaren bilduma handi bat dago. Honako museoa zibilizazio bakar bati eskainitako munduko arkeologia-konplexurik handiena da.