Zohran Mamdanik New Yorkeko alkate kargua hartu du
Alkate demokratak gauerdiaren ostean hartu du kargua, hiriko metro geltoki historiko batean egindako ekitaldi batean. New Yorkeko alkate gisa egin dituen lehen adierazpenetan, "ohorea eta pribilegioa" dela nabarmendu du.
Zohran Mamdani demokratak New Yorkeko alkate kargua hartu du urtarrilaren 1ean, gauerdia pasata hirian bertan egin den ekitaldi pribatu eta labur batean. Alkate gisa egin dituen lehen adierazpenetan, "ohorea eta pribilegioa" dela nabarmendu du.
Letitia James New Yorkeko fiskal nagusiaren aurrean egin du alkate karguaren zina, hain zuzen ere, alkatetzaren azpian dagoen Old City Hall izeneko metro geltokian.
Horrenbestez, Mamdani New Yorkeko 112. alkate bihurtu da. 34 urte ditu, hiriaren historiako bigarren alkaterik gazteena da, musulmana da eta jatorri indiarra du Ugandan jaio bazen ere.
Bart gaueko juramentuaren ondotik, gaur berriro ere karguaren zina egingo du kasu honetan alkatetzako eskaileretan. Ekitaldia New Yorken 13:00ak (Euskal Herrian 19:00ak ) direnean hasiko da eta Bernie Sanders senatari ezkertiarra izango du alboan.
Halaber, ekitaldian parte hartuko dute Alexandria Ocasio-Cortez kongresukideak, Jumaane Williams New Yorkeko herriaren defendatzaileak eta Mark Levine hautetsiak.