Delcy Rodriguez, Maduroren bigarrena, giltzarri izango da Venezuelaren etorkizun hurbilean
Nicolas Maduroren atxiloketaren ostean askok Maria Corina Machado edo Edmundo Gonzalez oposizioko kideek hartuko zutela boterea uste arren, Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak orain arte Venezuelako presidenteorde izan denari eman dio gidaritza, baita Trumpen Gobernuak ere.
Delcy Rodriguez artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteorde exekutiboa izango da chavismoaren trantsizioaren buru, AEBk Nicolas Maduro presidentea atxilotu ostean. Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak presidente arduradun gisa kargua hartzea agindu dio, Maduroren "bahiketak salbuespenezko egoera, atipikoa eta Venezuelako Konstituzioan inolaz ere aurreikusi gabekoa" utzi ostean, Justizia Auzitegiaren hitzetan.
Venezuelaren historian Exekutiboaren buru izan den lehen emakumea izango da Rodriguez.
Konstituzioaren arabera, presidentearen aldi baterako hutsegiteak edo hutsegite absolutuak presidenteorde exekutiboak ordezkatu behar ditu 90 egunera arte, eta Parlamentuak epe berean luza ditzake. Hutsunea 180 egun baino gehiagoz luzatzen bada, Legegileak kideen gehiengoz erabaki beharko du falta absolututzat hartu behar den ala ez.
Astelehen honetan, urtarrilak 5, egingo du zina, eta legegintzaldi berri bat ezarriko da (2026-2031).
Trumpek eta Rubiok uste dute "moldatuko" direla Rodriguezekin
Atzo, Donald Trump AEBko presidenteak esan zuen ez duela troparik zabalduko Venezuelan eta ez duela beste erasorik egingo Maduroren presidenteordeak bere Administrazioak "nahi duena" egiten badu, eta Marco Rubio AEBko Estatu idazkaria berarekin harremanetan jarri dela ere aurreratu zuen.
Dena dela, handik ordu batzuetara Rodriguezek berak prentsaurrekoan esan zuen "Venezuelako presidente bakarra Maduro" dela .
"Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores emaztea berehala askatzea eskatzen dugu", adierazi zuen Rodriguezek irrati eta telebista bidez zabaldutako hitzaldi batean. Ondoan zituen Barne eta Justizia ministro Diosdado Cabello eta hainbat funtzionario.
Gaur, NBC telebista katean egin dioten elkarrizketa batean Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak arreratu du espero dutela aurrerantzean "lankidetza hobea" izango dutela Venezuelako Gobernuarekin, Maduro kartzelatuta. Washington trantsizio prozesu bat lantzen ari dela, eta "bizpahiru astetan" garatuko dela ere esan du.
"Betetze maila handiagoa eta lankidetza hobea espero dugu orain. Beste pertsona batzuk daude aparatu militar eta polizialaren ardura dutenak. Hautua egin beharko dute. Nicolas Maduroren bidetik urrunduko direlakoan gaude. Hartara, trantsizio oso bat egin ahalko dugu", azaldu du.
Venezuelako oposizioko buruzagiak ahotan, Rubiok esan du "zoritxarrez" Venezuelako oposizioaren gehiena herrialdetik kanpora dago. "Epe laburrean konpondu behar diren gaiak ditugu esku artean", gaineratu du.
Donald Trump berak ohartarazpen gogorra egin dio gaur: "Zuzen jokatzen ez badu, oso prezio altua ordainduko du, ziurrenik Madurok baino altuagoa".
Iaz Miami Heraldek argitaratu zuena
Iazko urrian, Miami Herald egunkariak informazio polemikoa argitaratu zuen. Horren arabera, Rodriguezek Madurorik gabeko trantsizioko gobernu baten buru izatea eskaini ziola AEBri, herrialdearen egonkortasun politikoa babesteko.
AEBko hedabidearen arabera, presidenteordeak eta haren anaia Jorge Rodriguezek, Venezuelako goi-funtzionario talde batekin batera, Madurok onartutako bi proposamen aurkeztu zizkioten Trumpen Administrazioari, Qatarren bitartekaritzarekin.
Orduan Rodriguezek faltsutzat jo zuen informazio hori, eta Miami Herald i "gezurra eta sarraskia" bultzatzea leporatu zion.
Ibilbide politiko luzea
Rodriguezek 56 urte ditu, eta 2018ko ekainetik da Venezuelako Gobernuko bigarrena, Tareck El Aissami ordezkatu zuenetik.
Gainera, 2024ko abuztutik Hidrokarburoen ministro ere bada, eta horrek funtsezko figura bihurtu du Exekutiboaren barruan. Ekonomia arloko agintari nagusia da, eta horrek herrialdeko enpresa eta sektore pribatura hurbildu du.
Aurretik, Ekonomia, Finantza eta Kanpo Merkataritzako titular gisa aritu zen; Komunikazio eta Informazio ministro ere izan zen; baita Batzar Nazional Konstituziogileko kantziler eta presidente ere. Batzar hori 2017an ezarri zen, Parlamentuan oposizioak gehiengoa lortu ostean.
Goi politikan izan zuen lehen kargua 2006an eskuratu zuen: Presidentziaren Bulegoko ministro izan zen Hugo Chavez zenaren agintepean (1999-2013).
Caracasen jaio zen Rodriguez 1969ko maiatzaren 18an, eta chavismoaren baitan, anaia Jorge Rodriguezekin batera egin du bere ibilbidea. Azken hori Asanblea Nazionaleko (Parlamentua) egungo presidentea da. Oso gaztetatik murgildu ziren biak politikan, aita, Jorge Antonio Rodriguez, 1976ko uztailean, Poliziaren Inteligentzia Zerbitzuen Zuzendaritzako (Disip) funtzionarioek eragindako lesioegatik hil eta gero.
Venezuelako Unibertsitate Zentralean abokatu gisa graduatu zen eta Pariseko Nanterre Unibertsitatean zuzenbide sozialeko ikasketak egin zituen.
Halaber, Birkbeckeko Unibertsitateko (Londres) politikan eta gizartean maisutza du.