AEB-VENEZUELA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Etxe Zuriak ziurtatu du "erabateko eragina" duela Venezuelako behin-behineko Gobernuan 

Bien bitartean, Petroleos de Venezuela (PDVSA) enpresa publikoak iragarri du negoziazioak hasi dituela AEBrekin, petrolioa saltzeko.

Karoline Leavitt

Karoline Leavitt, gaur, Etxe Zurian. Argazkia: EFE

Delcy Rodriguez buru duen Venezuelako behin-behineko Gobernuan "erabateko eragina" du Etxe Zuriak, eta dagoeneko hasi dira herrialde horretako petrolioa merkaturatzen, itxi berri duten akordio bati esker. Hala ziurtatu du Karoline Leavitt Etxe Zuriko eledunak, gaur hedabideen aurrean egin duen agerraldian. "Noski, une honetan erabateko eragina dugu Venezuelako behin-behineko agintarien gainean", adierazi du. 

Haren hitzetan, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak "oso argi" utzi du: "Venezuelak ez du legez kanpoko droga gehiago AEBn sarraraziko, eta ez du talde kriminalik baliatuko, herritar estatubatuarrak hiltzeko, iraganean egin izan duten bezala. Presidentea (Trump) bakerako bere atzerri politika ari da ezartzen, indarraren bidez", zehaztu du. 

Hitzok erabili ditu bozeramaileak, Nicolas Maduro presidente venezuelarraren aurka joan den larunbatean egindako operazioa justifikatzeko: narkoterrorismoa leporatuta atzeman, eta New Yorkeko espetxe batera eraman zuten Maduro.  

Halaber, Leavittek azaldu du hasi direla Venezuelako petrolioa merkaturatzen, eta, horretarako, munduko petrolio konpainia handienekin eta banketxe nagusiekin hartu-emanetan daudela gaineratu du, "petrolioaren eta hartatik eratorritako produktuen salerosketa-operazioak finantza ditzaten”. 

AEBk gaur bi petrolio-ontzi atzeman eta ordu gutxira iritsi da Etxe Zuriaren eledunaren agerraldia: bata, Karibeko uretan harrapatu dute, eta, bestea, Atlantikoan.

Trumpek goizean jakinarazi Washingtonek Venezuelako 30-50 milioi petrolio upel merkaturatzea adostu du Caracasekin.

Negoziazioak

Bien bitartean, Petroleos de Venezuela (PDVSA) enpresa publikoak oharra zabaldu du, AEBrekin negoziazioak hasi dituela jakinarazteko. "PDVSAk jakinarazten du Estatu Batuekin negoziatzen ari dela, petrolioa saltzeko, bi herrialdeen artean dauden merkataritza-harremanen esparruan", idatzi du enpresak Facebook sare sozialean duen kontuan.

Aurreratu duenez, indarrean dagoen araudia errespetatuz ari dira negoziazio prozesua bideratzen, une oro "gardentasuna" eta "bi aldeentzako onura" lehenetsiz. 

Venezuelaren "garapen nazionala bultzatzeko" eta "egonkortasun energetiko globalari laguntzeko aliantzak" eraikitzen jarraitzeko konpromisoa duela adierazi du PDVSAk.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X