'Olina' petrolio-ontzia Kariben konfiskatu duela iragarri du AEBk, Venezuelako petrolio gordina eramatearen susmopean
Venezuelari lotuta aste honetan konfiskatu duten hirugarren petrolio-ontzia da, eta bosgarrena atzemateen hasieratik. Ostiral honetako misioa "gorabeherarik gabe" burutu dute.
'Gerald R. Ford' hegazkin-ontzi estatubatuarra. Artxiboko argazkia: EFE
AEBko kostazainek 'Olina' petrolio-ontziaren kontrola hartu dute ostiral honetan Karibeko uretan, Venezuelako "petrolio gordinaren"ustezko kargamentu batekin, Kristi Noem Barne Segurtasuneko idazkariak eta AEBko Armadako Hegoaldeko Aginteak jakitera eman dutenez.
Aurrekoetan bezala, 'Gerald R. Ford' hegazkin-ontzi estatubatuarra baliatu dute misio hau gauzatzeko, eta "gorabeherarik gabe" amaitu da.
"Operazioak tinko eusten dio gure aberria defendatzeko misioari, legez kanpoko jarduerari amaiera emanez eta mendebaldeko hemisferioan segurtasuna berrezarriz", azpimarratu dute AEBko kostazainek ohar batean.
Venezuelari lotuta aste honetan konfiskatu duten hirugarren petrolio-ontzia da, eta bosgarrena atzemateen hasieratik. Bi petrolio-ontzi atzeman zituzten asteazkenean: bat Ipar Atlantikoan eta bestea Karibe itsasoan.
AEBk zigorrak ezarri zizkion 'Olina' ontziari iazko urtarrilean, 'Minerva M' izena jarri ziotenean, eta nazioarteko arauetatik kanpo nabigatzen duten itsasontzien "itzaleko ontzidia" deiturikoaren parte izatera igaro zenean.