Nazioarteak Iranen gaineko presioa handitu du, bertako herritarrek inkomunikatuta jarraitzen duten bitartean
EBk eta NBEk gaitzetsi egin dute Gobernuak Internet eta telefono lineak blokeatu izana. Duela bi aste hasi zituzten protestak, eta 50 manifestari baino gehiago hil dituzte ordutik.
Irango protesten hamahirugarren egunean, Europar Batasunak eta EBko kide batzuek, baita NBEk ere, gogor gaitzetsi dute Irango Gobernuak Internet eta telefonia blokeatu izana.
Milaka pertsona, orain inkomunikatuta, herrialdearen egoera ekonomikoaren eta Irango buruzagi goren Ali Khamenei aiatolaren aurka ari dira protesta egiten. Konexioak ostegun arratsaldean galdu ziren, eta, hori dela eta, sare sozialik, mezularitza aplikaziorik edo webgunerik gabe, zaila da abenduaren 28an herrialde osoko hainbat hiritan hasi ziren protestei buruzko informazioa eskuratzea.
Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundeak (Oslon du egoitza) jakinarazi duenez, dagoeneko 51 pertsona hil dituzte protestetan.
Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak Interneterako sarbidea murriztu izana salatu du, Iranek Belgikan duen enbaxadak kritikatu ostean. Europar Batasunaren politika "hipokrita" dela esan zuen enbaxadak, manifestariei babesa emateagatik.
Bestalde, Volker Türk NBEko Giza Eskubideen goi komisarioak Irango protesta jendetsuetan gertatzen ari diren heriotza guztiak "azkar" eta "garden" ikertzeko deia egin du.
Adierazpen bateratu batean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak gogor gaitzetsi zuten Irango manifestarien "hilketa", eta "moderazioa" eskatu zieten Teherango agintariei.
Ostiralean bertan, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak telebista publikoan zabaldutako mezu batean erantzun zion Donald Trump AEBko presidenteari, Washington Irango herritarren "erreskatera" joango dela ohartarazi ostean, erregimenak, "ohi bezala", "manifestari baketsuak bortizki tirokatzen eta hiltzen baditu".
"Trumpek bere herrialdea gobernatzen jarri behar du arreta, horretarako gai bada behintzat; AEBk barne arazo askori aurre egin behar die", erantsi zuen Khameneik.
Irango azken xaharen seme Reza Pahlavik, bere aldetik, Irango herritarrak protestan jarraitzera animatu zituen, eta Donald Trumpi eskatu zion "prest" egoteko herrialdean "esku hartzeko" eta Irango herriari "laguntzeko".