Gazako agintea erakunde palestinar teknokratiko baten esku uzteko trantsiziorako argibideak eman ditu Hamasek
Donald Trumpek datozen egunetan Gazarako bake-batzordea osatuko dute kideak izendatuko dituela iragarri ostean egin dute iragarpena. Batzorde hori AEBko proposamenaren bigarren fasean aipatzen da.
Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak (Hamas) iragarri duenez, Gazako Zerrendako gobernu-erakunde guztiei argibideak igorri dizkie, une egokian, Palestinako erakunde teknokratiko independente bati boterea eskualdatzeko.
Hazem Qasem Hamaseko bozeramaileak adierazi duenez, "transferentzia prozesua errazteko jarraibideak eman ditugu, erakunde horren arrakasta bermatzeko, palestinarren interesekin bat etorriz".
Donald Trump AEBko presidenteak datozen egunetan Gazarako bake-batzordeko kideak izendatuko dituela iragarri ostean egin du Hamasek iragarpena. Batzorde hori AEBko proposamenaren bigarren fasean aipatzen da.
Munduko 15 buruzagik osatuko duten batzordearen lana oraindik osatzeke dagoen gobernu teknokratiko palestinarra ikuskatzea izango da, baita Gazaren berreraikitze prozesua gainbegiratzea ere, Trumpen 20 puntuko planaren arabera.
Lau hildako Gazan, hotzak jota
Bien bitartean, Gazako agintariek jakinarazi dutenez, gaur bertan lau pertsona hil dira "muturreko hotzaren" ondorioz, eta datozen ekaitzek izango duten "ondorio katastrofikoez" ohartarazi dute.
Gazako agintarien arabera, 71.412 dira hildako eta 171.314 zauritu utzi ditu Israelen ofentsibak 2023ko urriaren 7tik gaur arte. Erasoei negu gogorra batu zaie orain.