AEB, Danimarka eta Groenlandiako agintariek bilera dute gaur Etxe Zurian, Trumpek uhartea bereganatzeko asmoa duela eta
Etxe Zuriko bileraren atarian, Groenlandiako eta Danimarkako lehen ministroek batasun mezua eman nahi izan dute. Danimarkaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean hautatu behar balute, Danimarkaren aldeko hautua egingo luke Groenlandiak, "NATOren eta Europar Batasunaren barnean". Danimarkako gobernuburuak, bere aldetik, nabarmendu du uhartea ez dagoela salgai.
Groenlandiari buruzko tentsioa gori-gori dagoela, bilera egingo dute gaur Ameriketako Estatu Batuetako, Groenlandiako eta Danimarkako gobernuetako agintariek.
AEBren aldetik, JD Vance presidenteordeak eta Marco Rubio Estatu idazkariak hartuko dute parte. Danimarkaren eta Groenlandiaren izenean, berriz, Lars Løkke Rasmussen eta Vivian Motzfeldt Atzerri ministroak joango dira Washingtonera. Danimarkako Atzerri ministroaren arabera, auzia "aurrez aurre" eta "gela berean direla" auzia lantzea da bileraren helburua.
Hitzordua Etxe Zurian izango da, eta AEBko presidenteordeak egingo ditu anfitrioi lanak. Hasiera batean, Rubio estatu idazkariarekin soilik biltzekoak ziren, baina azkenean Vance presidenteordeak ere harrera egingo diela jakinarazi du Danimarkako ordezkariak.
Vancek parte hartzeak egonezina sortu die Danimarkako ordezkariei, Trumpen ildo berekoa da eta, ez baitu baztertzen Groenlandia bereganatzeko indarra erabiltzea.
Duela urtebete Etxe Zurira itzuli zenetik, Trumpek Groenlandiaren kontrola hartzeko asmoa agertu du behin baino gehiagotan, AEBren segurtasun nazionalerako ezinbestekoa dela argudiatuta. Trumpen gobernua uhartearen kontrola hartzeko hainbat aukera aztertzen ari da. Aukera horien artean daude lurraldea erostea edota inbaditzea.
Groenlandia eta Danimarkaren batasun mezua
Etxe Zuriko bileraren atarian, Groenlandiako eta Danimarkako lehen ministroek batasun mezua eman dute.
Jens-Frederik Nielsen Groenlandiako gobernuburuaren arabera, Danimarkaren eta AEBren artean hautatu behar badu, Danimarka aukeratuko du Groenlandiak, "NATOren eta Europar Batasunaren barnean".
Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak, bere aldetik, argi utzi du Groenladia ez dagoela salgai. Hori bai, aitortu du orain datorrela zailena.