Venezuelan "elkar ulertzeko garai politikoa" datorrela iragarri du Delcy Rodriguezek
Donald Trump AEBko presidentea Maria Corina Machado Venezuelako oposizioaren buruarekin bilduko da gaur Etxe Zurian.
Delcy Rodriguez Venezuelako presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteak iragarri du garai politiko berri bat hastekotan dela herrialdean, elkar ulertzearen alde.
"Venezuelan irekitzen ari den une politiko berriak elkar ulertzea ahalbidetzen du, bestea eta Giza Eskubideak errespetatuz", nabarmendu du hedabideekin egin duen topaketa batean.
Agintariaren hitzetan, "espazio politikoak irekitzea da helburua", eta helburu hori bere aurrekoari egotzi dio. "Helburu hori jarri zuen Nicolas Maduro presidenteak 2025eko abenduan, 194 preso askatu zituen eta".
Horren harira, orain arte 406 preso askatu dituztela nabarmendu du Rodriguezek, Jorge Rodriguez Venezuelako Parlamentuko presidentearekin eta Diosdado Cabello Venezuelako Barne ministroarekin batera egin duen agerraldian.
Oposizioko Plataforma Unitario Demokratikoaren (PUD) arabera, astelehenean askatuko zituztela iragarri zuten 116 presoetatik 102 askatu dituzte.
Donald Trumpek eta Maria Corina Machadok bilera egingo dute Etxe Zurian
Donald Trump AEBko presidentea Maria Corina Machado Venezuelako oposizioaren buruarekin bilduko da gaur Etxe Zurian, Nicolas Maduro presidentea atxilotu eta espetxeratu ostean Venezuelako oposizioaren buruak izango duen zereginari buruz hitz egiteko.
Operazioaren ostean, AEBko presidenteak baztertu egin zuen Machado Venezuelako presidente izateko aukera, herriaren babesik ez duela argudiatuta. AEBko hedabideen arabera, ordea, Bakearen Nobel saridunak Machadori eman ziotelako erabaki zuen Trumpek hura ez babestea. Nobel Fundazioak ohar bidez azpimarratu zuenez, sariak besterenezinak eta atzeraezinak dira.