Delcy Rodriguez Trumpen "aginduetara" dagoela esan du Maria Corina Machadok
Trumpek, bestalde, Machadorekin kontaktuan jarraitzeko asmoa du, eta "errespetu handia" dion emakumea dela esan du, ostegunean Etxe Zurian izandako bileraren ostean.
Donald Trump, AEBko presidentea, eta Maria Corina Machado, Venezuelako oposizioko burua. Argazkia: EFE
Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteak "ez du inolako akordiorik" Donald Trump AEBko presidentearekin, eta "bere aginduak betetzera mugatzen da", adierazi du Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buru eta Bakearen Nobel saridunak ostiral honetan.
AEBko Administrazioak trantsizio prozesutik kanpo utzi du oraingoz Machado, Venezuelan boterea hartzeko babes nahikorik ez duela iritzita, eta Rodriguezen Gobernuarekin lan egitea erabaki du.
Venezuelako politikaria Trumpekin bildu zen ostegunean, lehen aldiz, Etxe Zurian, eta Nobel Sariaren domina oparitu zion, "esker oneko" keinu gisa, Maduroren atxiloketagatik eta agintariarekin jarrerak hurbiltzeko.
Machado ziur agertu zen bere herrialdean "trantsizio ordenatu bat" egongo dela, baina ez zuen datarik finkatu edo egun zehatzik aurreratu nahi izan, "arduragabekeria izango litzatekeelako".
Edmundo Gonzalez Urrutia nazioarteko herrialde batzuen arabera 2024ko hauteskundeak irabazi zituen hautagaiarekin batera Venezuelara itzultzeko "gogor" lan egiten ari dela adierazi zuen Machadok.
Testuinguru horretan, Venezuelako presidente arduradunak "Trump presidenteari beldurra" diola azpimarratu zuen oposizioko buruak.
Machadorekin "txundituta" geratu dela esan du Trumpek
Trumpek, bestalde, Machadorekin kontaktuan jarraitzeko asmoa agertu du, eta "errespetu handia" dion emakumea dela esan du, ostegunean Etxe Zurian izandako bileraren ondoren.
"Atzo oso bilera ona izan nuen errespetu handia diodan pertsona batekin, eta berak, noski, ni ere errespetatzen nau, eta bere Nobel saria oparitu zidan. Ez nuen ezagutzen, eta txundituta geratu nintzen", adierazi zuen Trumpek.
"Honakoa esan zidan berak: Zortzi gerrari amaiera eman diezu, eta historian inork ez du sari hau zuk baino gehiago merezi. Eta oso keinu polita iruditu zitzaidan. Emakume handia dela uste dut, eta ziur naiz berriro hitz egingo dugula", gaineratu zuen Trumpek.