AEBko Armada Irani erasotzeko prest dago, baina Trumpek ez du erabakirik hartu oraindik
Azken egunotan, Pentagonoak hegazkin eta itsasontzi gehiago mugitu ditu Ekialde Hurbilera, eta inguru horretan duen presentzia nabarmen handitu. Gainera, Ekialde Hurbilean dituen langile batzuk Europara eta Estatu Batuetara mugiarazi ditu, Iranen gertatu daitekeenaren aurrean.
Teheran, Irango hiriburua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetako armada prest dago asteburu honetan Irani erasotzeko, baina Donald Trump presidente estatubatuarrak ez du erabaki oraindik horretarako baimena eman ala ez, CNN telebista kateak eta The New York Times egunkariak zabaldutako informazioaren arabera.
CNN telebista kateak aurreratu duenez, Pentagonoak Etxe Zuriari jakinarazi dio hegazkin eta itsasontzi gehiago mugitu dituela Ekialde Hurbilera, eta inguru horretan duen presentzia nabarmen handitu.
Hala ere, iturri batek ohartarazi duenez, Trumpek aldeko zein kontrako argudioak eman ditu pribatuan, eta aholkulariei eta aliatuei balizko eraso baten egokitasunaz galdetu die.
Segurtasun Nazionaleko goi karguak pasa den asteazkenean elkartu ziren Etxe Zurian, Irango egoeraren inguruan eztabaidatzeko.
The New York Times egunkariaren arabera, Israel ere indar armatuak gerrarako prestatzen ari da, eta Israelgo segurtasun kabinetea datorren igandean elkartzea aztertzen ari da.