EKIALDE HURBILA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Frantziak bere base batzuk erabiltzea baimendu die  AEBko hegazkinei, "Ekialde Hurbileko bazkideak babesteko" 

Macronen Gobernuak baldintza bat jarri du: laguntza-hegazkin estatubatuar horiek ezingo dira erabili Iranen aurkako operazioetarako, baizik eta Ekialde Hurbilean dauden "bazkideak babesteko". 

 

Emmanuel Macron,
Emmanuel Macron, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Frantziako Gobernuak bere base militar batzuk —Frantzian bertan dituenak— erabiltzea baimendu die Ameriketako Estatu Batuetako laguntza-hegazkinei, Ekialde Hurbilean dauden "bazkideak babesteko".  

Frantziako Armadako bozemaile batek jakinarazi du berria. Bere hitzetan,  Frantziako hainbat base militar erabiltzeko baimena dute AEBko laguntza-hegazkinek, "aldi baterako".  Hasiera batean, zabaldu da Frantziak Ekialde Hurbilean dituen baseak erabiltzeko baimena izango dutela estatubatuarrek, baina informazio hori okerra dela azaldu du Armadako eledunak. 

Nolanahi ere, baldintza bat jarri du Emmanuel Macronek zuzentzen duen Gobernuak: laguntza-hegazkinak ezingo dira erabili Iranen aurkako operazioak egiteko, Ekialde Hurbilean dauden bazkideei laguntza emateko baizik. 

Espainiako Gobernuak AEBri Morongo (Sevilla) eta Rotako (Cadiz) base militarrak erabiltzea ukatu eta bi egunera iritsi da Parisen erabakia. Pedro Sanchezen Gobernuak esan zuen Iranen aurkako operazioak ez zuela tokirik Nazioarteko Zuzenbidean, eta erabaki horrek Donald Trump AEBko presidentearen haserrea eragin zuen: Espainiarekin merkataritza-harremanak etengo zituela mehatxu egin zuen buruzagi errepublikanoak. 

Macronek berehala agertu zion elkartasuna Sanchezi. Presidente frantziarrak ere berretsi zuen Iranen kontrako erasoak ez duela Nazioarteko Zuzenbidea errespetatzen. "Parisek ezin du bat egin", adierazi zuen. 

Joan den larunbatean AEBk eta Israelek Iranen aurkako erasoa abiatu zutenetik, gatazka eskualdeko hainbat herrialdetara zabaldu da. Iranek gogor erantzun du, Israelen eta estatubatuarrek Ekialde Hurbilean dituzten interesen aurka erasoak eginez. 

Bost egunetan, mila pertsona baino gehiago hil dira Iranen, bertako agintarien arabera. Tartean, Ali Jamenei Irango buruzagi gorena eta  Armadako hainbat buruzagi. 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Audiencia Nacional
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Sidenor auziko epaileak mediku palestinar bat onartu du biktima eta akusazio partikular gisa

Akusazio partikular horrekin, Sidenorreko hiru arduradunak kontrabando delituaz gain, genozidio delituaren, gizateriaren aurkako delituaren eta gatazka armatuan babestutako pertsonen eta ondasunen aurkako delituan konplize gisa ikertu ahal izateko baldintza beteko litzateke. Fiskalak Sidenorreko erregistroak baliogabetzeko eskatua zuen, eta kontrabandoa ez beste delituen akusazioak erretiratzea, hain zuzen ere, baldintza hori betetzen ez zelako. Ikusteko dago, orain, ikerketak zer norabide hartuko duen. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X